500 pertsona batu ditu Elantxobeko mendi martxak
Eguzkipean ekin zioten zapatu goizean ibiltariek, eta antolatzaileek parte hartzaile gutzientzako parrillada prestatu zuten portuan.
Zortzigarren mendi martxa egin zuten zapatuan [uztailaren 6a], Elantxoben. Portutik ekin zioten izena emana zuten 500 parte hartzaileek martxari, eta eguzkipean 22 eta 11 kilometroko ibilbideak osatu zituzten. Ibilbide luzea aukeratu zutenek 08:30ean hasi zuten martxa, eta laburra egin zutenek 10:00etan.
“Bero asko izan genuen zapatuan, baina ibilbideetan anoa postuak izan zituzten parte hartzaileek indarrak errekuperatzeko”. Horrez gain, Atxurkulu Mendi Klubeko kideek jakitera eman dutenez egun osoan ez zen aparteko arazorik suertatu, eta ibiltariek “oso gustura” zeharkatu zituzten Elantxobe eta Ibarrangeluko auzoak. Antolatzaileek, orokorrean, martxaren “balorazio positiboa” egin dute, eta azken parte hartzaileak iristearekin batera, denentzako parrillada prestatu zuten, urtero legez, portuan bertan.