Busturia eta Gernika-Lumo hartu dituzte San Kristobal jaiek
Atzo jaurti zuten txupina Gernika-Lumoko Agarre auzoan eta Busturiko San Kristobal auzoan. Asteburuan hainbat jarduera egingo dituzte bi herrietako bizilagunek.
Heldu da uztaileko lehen asteburua, eta beragaz batera udako jaiei jarraipena emateko ordua. Oraingoan, sankristobalek Busturialdeko hainbat herri eta auzo hartu dituzte, eta egun beroek kalera irten eta zenbait ekimenetan murgiltzeko aukera eman diete eskualdeko herritarrei.
Busturiakoek atzo arratsaldean jaurti zuten txupina San Kristobal auzoan. Hainbat izan ziren txosnagunean batu zirenak, eta jaiei hasiera emanda, abesti herrikoiei abesteari ekin zioten. Mikel Laboaren Txoria txori edota Bermeoko portua-gaz berotu ondoren, indarrak hartzeko txistorra ogiagaz jan eta auzoko kaleetatik zehar joateko ibilbidea hasi zuten.
Gitarra, txistu eta danbolinek animatu zituzten busturiarren ahotsak, eta giro ederrean iluntzea iritsi arte kantuan aritu ziren, sankristobalei era ezin hobean hasiera emateko.
Gauean musikak jarraitu zuen festetako protagonista izaten. Ozhen, Dientes de Luna eta Ilargi Beltza taldeek San Kristobal auzoko plaza betetzea lortu zuen beraien kontzertuekin. Hurreratu zirenek ederto pasatzeko aukera izan zuten horrenbeste herritar batzen dituen jaiekin.
Musikak eta kontzertuek berriz izango dute beraien tokia Busturian. Arratsaldean txiki zein nagusiak batera irtengo dira danborrak jo eta auzoa pizteko gogo biziz. Izan ere, Tximeleta fanfarriagaz batera herri danborrada egingo dute San Kristobal osoan zehar.
Danborrada bukatuta, Enkore eta Ze Esatek talde ezagunen kontertuekin buruak astintzeko unea helduko da. Aurretik baina, kirolaren unea izango da. 17:00etan hasita txirrindulari lasterketa egingo baitute.
Tortilla txapelketa Agarren. Gernika-Lumoko Agarre auzoko bizilagunek ere atzo arratsaldetik ari dira jaiak ospatzen. Gaur, baina, dagoeneko tradizio bihurtu den Agarreko jaietako Tortilla Txapelketa lehiatu dute. Urteak pasa ahala, tortilla txapelketak gero eta indar gehiago hartu duela nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, aurtengoa txapelketa egiten duten hamalaugarren biderra izan da, eta oraingoan 33 tortilla izan dira parte hartzaileek aurkeztutakoak.
Sei izan dira epaiketa egiteaz arduratu diren epaimahaikideak. Hamazortzigarren zenbakidun Martina izeneko tortilak eraman du sari nagusia, 64 puntu lortuta. Irabazleak txapela janzteagaz batera, ardo kutxa eta botila, eta idiazabal gazta erdia eraman ditu etxera. Txapeldunordeak Olaia eta Eneko izan dira. 63 puntu lortu dituzte bigarren zenbakidunek, eta garagardo kutxa eta ardo botila irabazi dituzte, idiazabal gazta erdi batekin batera. Hirugarren sailkatua Juanito izeneko tortila izan da; hemeretzigarren zenbakidunak 62,5 puntu lortu eta garagardo kutxa eta txorizo sorta jaso ditu.
Tortillak prestatzen ari direla zer edo zer egon da agarren. Etxeko txikienek Ehunzango taldeak prestatutako umeen parkean jolasean aritu dira; puzgarriekin batera marrazkien tailerrak izan dituzte. Gainera Eingo dantzan eta kantan taldekoek auzoa musikagaz girotu dute trikipotean, eguraldi ona aprobetxatuta.
Skate txapelketa. Arratsaldea helduta, kirolek hartu dute auzoa. Skate pistetan Euskal Herriko Skate Txapelketa lehiatuko dute, eta bertan Open mailako profesionalak ariko dira parte hartzen. Ostean sardina eta txokolate janagaz sabela bapo betetzeko aukera egongo da; erromeriagaz amaituko dute zapatua.
Bihar baina, sukaldaritza eta janariagaz jarraituko dute Agarrekoek. XIV. Sukalki Txapelketak auzoko kaleak kazolen usainagaz beteko ditu, jaietako egitarauan jende gehien biltzen duen jarduera izaten ohi da. Arratsaldean ere zer edo zer egin egongo da: herri bazkariagaz giro ederrean egon ostean, umeen parkeak eta erromeriak alaituko dituzte jaiak, amaiera ematen dieten txupina jaurti aurretik.