Aketz Zubiaren 'Badatoz' lana aukeratu dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko
Gaur goizean egin dute botoen zenbaketa. Bigarren aldia da bermeotarrak lehiaketa hau irabazten duela.
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemiak jaiek badute irudia. Aketz Zubia Mingolarraren Badatoz! lanak irabazi du aurtengo lehiaketa. 600 euroko diru saria jaso du bermeotarrak (bigarren aldia da lehiaketa irabazten duela).
Herritarrek euren botoekin jaien kartelaren irabazlea aukeratu dute epaimahaiak hautatutako bi kartel finalisten artean, eta gaur goizean egin dute botoen zenbaketa. Herritarrek Kultur Etxean ezarritako kutxan eta baita Internet bidez eman ahal izan dute botoa. Hain zuzen, kutxan jasotako botoek %70eko balioa izan dute eta Internet bidez jasotakoek %30a.
Aurten ere, parte hartzea “bikaina” izan dela azpimarratu dute jai batzordearen ordezkariek; ia 400 pertsonek parte hartu dute. Jai batzordeak botoa eman duten herritar guztiei eskerrak eman dizkie, “herritarron iritzia garrantzitsua delako Bermeoko jaietako kartela aukeratzeko”.