Xabi Barandikak Daniako puntista onenen artean bukatu du udako denboraldia
Bikoteka, aurrelarietan, kiniela gehien irabazi dituen puntista izan da gernikarra, 15 kiniela. Bakarkako txapelketan, ordea, Eric Mendizabal mutrikuarra ageri da lehen postuan, 13 kiniela irabazita.
Daniako (Florida) Jai Alaik Udako Denboraldia itxi berri du. Eta emaitzarik onenak lortu dituen puntista onenen artean Xabi Barandika gernikarra ageri da. 56 kiniela irabazi ditu. Erik Mendizabal mutrikuarrak irabazi ditu kiniela gehien (66), eta atzetik geratu dira Mikel Amigorena gasteiztarra (60), Noaingo David Iturbe (59) eta Manu Ladutxe atzelaria (58)
Bikoteka, aurrelarietan, Barandika izan da nagusi (15), eta Mendizabal bigarren geratu da 14 kiniela irabazita. Dena dela, Ithurria izan da hirugarrena, baina tarte handia atera dio mutrikuarrak; mauletarra 7 kiniela irabazita sartu da podiumean. Atzelarien artean, ostera, Mikel Amigorena izan da garailea, 15 kiniela irabazita.
Bakarkako txapelketetan puntista onenek parte hartzen dute. Eta, 13 kiniela irabazita, horretan ere nagusi izan da Mendizabal. Bigarren eta hirugarren geratu dira Diego Beaskoetxea (11) eta Kevin Ithurria mauletarra (10), hurrenez hurren.
Udako Denboraldia jokatuta, puntista oporraldian daudela esan dute Dania Jai Alaiko ordezkariek. “Oporraldian egonda ere, Euskal Herriko frontoietan ariko dira. Beraz, haien jokoagaz gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek”.
Irailean hasiko dute Dania Jai Alain denboraldi berria. Horretan, baina, Diego Beaskoetxea ez da egongo. Izan ere, 16 urte eta gero, 38 urtegaz Ameriketako Estatu Batuetako frontoiak uztea erabaki du. 2003an ailegatu zen Daniara, eta Hiruko Koroa bat (2013), kiniela gehien irabazi dituena ere izan da hainbat alditan, eta bereganatu ditu baita ere bakarkako eta binakako txapelketen hainbat titulu.
Daniatik agurtzerakoan, hainbat puntista eta puntista ohi eduki ditu alboan, tartean Aritz Erkiaga ispastertarra. Ohi legez, pasilloa eginda, zestak altxatuta, bertso bategaz eta txalo zaparradagaz agurtu dute Beaskoetxea.