Elantxobeko VIII. mendi martxa egingo dute, zapatuan
500 parte hartzailek eman dute izena eta bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzeenak 22 kilometro ditu eta 08:00etan ekingo diote; laburrak 11 kilometro, eta 10:00etan abiatuko dira.
Zortzigarren mendi martxa egingo dute zapatuan [uztailaren 6a], Elantxoben. Atxurkulu Mendi Klubeko arduradunek jakitera eman dutenez, 500 parte hartzaileko gehienezko muga jada beteta dago.
Aurreko edizioetan bezala, bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek, eta parte hartzaileek, izena ematearekin batera, kamiseta bat jaso dute oparitan: luzeenak 22 kilometro ditu eta 14 urtetik gorakoek eman ahala izan dute izena. 08:30ean ekingo diote mendi martxari. Bestalde, ibilbide laburrak 11 kilometro ditu eta 10:00etan abiatuko dira.
Elantxobeko portuan hasi eta bukatuko dute ibiltariek martxa, eta lehen parte hartzaileak helmugara 15:00ak aldera iristea aurreikusten dute antolatzaileek. Aldiz, bi ibilbideak egiteko ez dute gehienezko denborarik izango.
Elantxobeko eta Ibarrangeluko auzoetatik igaroko da mendi martxa: Ogoñoko talaia (275m), Atxarre (312m) eta Armendura (384m) igoko dituzte. Tartean, lau anoa postu izango dituzte indarberritzeko. Ogoñon, Gametxon eta Ibarrangelun edaria izango dute, eta Akordan jan-edana. Horrez gain, parte hartzaile guztientzako parrillada prestatuko dute Atxurkulu Mendi Klubeko kideek Elantxobeko portuan.