250 parte hartzaile batuko dira Ea Txipiroi proban, zapatuan
Kalitatearen aldeko apustua egin dutela nabarmendu dute antolatzaileek. BTT probak hiru ibilbide izango ditu, eta ez da lehiakorra izango; trailak, aldiz, 21 kilometroko ibilbide bakarra, eta Urdaibai Koparako puntuagarria izango da.
Eako Txipiroi BTT eta trail probak egingo dituzte zapatuan [ekainaren 6a], eta 250 parte hartzaile batuko dira bertan. Ea herri txikia izanik, eta jende andana bertaratzean sortzen diren zailtasunak kontuan izanik, kantitatearen ordez kalitatearen aldeko apustua egin dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Hala ere, helburua jendea herrira erakartzea eta kostaldea ezagutzeko aukera eskaintzea dela gogorarazi dute.
125na txirrindularik eta korrikalarik eman dute proban parte hartzeko izena, aurten ere, gehienezko kopurua betez: “Jende asko kanpoan geratu da, eta hori seinale ona da guretzat, izan ere, antolakuntzatik gauzak oso ondo egin ditugula erakusten du”.
Ibilbideak ez dira zehatz iazko berberak izango. Txikiak badira ere, aldaketatxoak izango dituzte parte hartzaileek: “Bide berriak sartu ditugu, parte hartzaileek ere urtero nondik-norako berdinak egin ez ditzaten”.
Ibilbideak. Maila ezberdinetako pertsonentzat diseinatutako ibilbideak prestatu dituzte. 09:15ean hasita, BTT proban hiru ibilbide izango dituzte aukeran: lehenengoak 17 bat kilometro ditu, eta Natxitua igo ostean Lapatzatik igarota itzuliko dira Eara. Tartekoa egitea aukeratzen dutenek aurrera jarraitu beharko dute behin herrira iristean, eta Ispaster inguruan eman beharko dute buelta. Ibilbide luzea egitea erabakitzen dutenek Otoio gaina igo beharko dute Lekeition sartu eta Eara itzuli aurretik.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, proba ez da lehiakorra izango eta Julen Zuberok, mendi bizikletan Euskal Herri mailan dagoen kirolaririk aipagarrienak, parte hartuko du aurten ere. Horrez gain, aipatu dute urtero urtero “datu base txiki bat” sortzen dutela parte hartzaileekin, eta konturatu direla normalean “txirrindulari askok bi urtean behin” ematen dutela izena.
Mendi lasterketari dagokionez, 21 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre korrikalariek, eta Bizkaiko Mendi Lasterketa Ligarako eta Urdaibai Koparako puntuagarria izango da. 10:45ean hasita, bi itzuli eman beharko dituzte: lehenak 6 kilometro ditu, eta bigarrena txirrindulariek egingo duten ibilbide luzea bera da.
Ea Txipiroi probaren antolatzaileek herritarren laguntza eskertu nahi izan dute eta egunean zehar ere jarduerak egongo direla gogorarazi dute: “Arratsaldean Txipiroi Txiki antolatu dugu, eta Ietarrok taldeak Ray Fernandez musikaria ekarri du, kontzertua eman dezan”.