Uztailean eta abuztuan udako zinemaz gozatuko dute eatarrek
'The Florida Project' filma proiektatuko dute bihar 20:30etik aurrera Eskolondon. Abuztuaren 29ra bitartean, eguenero gozatuko dute ikusentzunezkoez.
Udako Zinema Zikloa estreinatuko dute bihar Ean. Bihartik hasi eta abuztuaren 29ra arte zortzi film izango dituzte aukeran Eskolondora hurbiltzen direnek. 20:30etik aurrera, adin eta ikusle guztientzako mota ezberdinetako filmak eta dokumentalak emango dituzte.
The Florida Project filma proiektatuko dute bihar. 2017 estreinatutako filmak haurren uda oporrak abenturaz eta bihurrikeriez beteta daudela erakusten du, baina ilunean dagoen beste errealitate bat plazaratzen du: Estatu Batuetan bizileku iraunkorra ziurtatu ezin duten helduena.
Bigarren saioa hilaren 11n emango dute. Saio horretan, homosexualitatea ardatz duten bost film labur proiektatuko dituzte: Pepper, Doce de Gaiabada, En eftermiddag, Tomorrow eta Hole. Guztira, 77 minutuko emanaldiaz gozatu ahal izango dute Eskolondon bildutakoek.
Halaber, musika filmez gozatzeko, iaz estreinatutako Stephen Loveridgen Matangi/Maya/M.I.A. ikusentzunezkoa proiektatuko dute hilaren 18an. Londresen bizi den errefuxiatuaren bizimodua kontatzen du filmak. Uztaileko film proiekzioekin bukatzeko, Eskerrik asko ugazaba! egongo da ikusgai. XXI. mendeko Robin Hood den Francois Ruffinen asmoak kontatzen ditu, izan ere, Frantziako gizon aberatsenen bidegabekeriak aireratu gura ditu.
Abuztuan ere beste lau emanaldi eskainiko dituzte. Tomboy filma (abuztuak 8), Europako joan-etorriak izpide dituzten film laburrak (abuztuak 15), Fermin Muguruzaren No More Tour (abuztuak 22), eta Girlhood filmagaz bukatuko dute udako zinema abuztuaren 29an.