Diego Beaskoetxeak Daniako frontoiari agur esan dio
2003. urtean joan zen Floridara (AEB), eta hamasei urte beranduago figura maila eskuratuta itzuli da Euskal Herrira. Orain Euskal Herrian udako denboraldia jokatzeko prest dago.
Diego Beakoetxea zestalari gernikarrak ez du Daniako Jai Alai frontoian jarraituko. 2003. urtean joan zen Floridara (AEB), eta hamasei urte beranduago izen handiko puntista bihurtuta itzuli da Euskal Herrira.
Asko izan dira puntistak Daniako frontoian lortutako txapelketak. Hiruko Koroa eskuratu zuen 2003. urtean, eta denboraldian zehar garaipen gehien eskuratu dituzten zestalarien artean egon da behin baino gehiagotan; bakarka zein bikoteka asktan lortu ditu emaitzarik onenak. Enpresen arteko txapelketak ere jokatu ditu Floridan, eta Ibai Erkiagagaz batera 2009ko Dania-Miami Challenge izeneko txapelketan irabazi zuen.
Danian bete duen azken denboraldian bost kiniela jokatu ditu, eta horietako bitan izan da onena. Hirugarren postuan geratu da beste bi aldiz. Irabazitako bietako bat, gainera, bakarkako kiniela izan zen, eta zuzeneko sakeagaz bukatu zuen, zuzenean errebotera jaurtiz.
Agur hunkigarria. Denboraldia bukatu bezain laster agurtu zen Beaskoetxea. Zestalariek zestak gora igota pasabidea egin zioten, eta zaleen txalo zaparrada jaso zuen. Bertan egon ziren baita ere Arriaga, Oyarbide edota Aritz Erkiaga zestalari ohiak. Arrieta ere egon zen, eta bertsoa eskaini zion gernikarrari.
Historialak ala diño, figura handi bat zara zu. Kantxan borrokalaria, tantoak amaitzen maisu. Txapelketa askoren jabe, horrekin arro gaituzu. Hori esan, eta Beaskoetxeak bere kirol ibilbidean eskuratutakoak gogoratu zituen Arrietak, eta irabazitako txapelketak ere asko direla azpimarratuz. Baina frontoian ezeze, kalean ere bada eredu zestalari gernikarra: Lagunak maite zaituzte, zuk ere ondo dakizu. Gernikatik etorrita, arrasto itzela utzi duzu. Saioa ta umeekin luzaro goza egizu, ta hemen gauden guztiokin sekula ez zaitezte ahaztu.
Dagoenerako Euskal Herrian dago Beaskoetxea, eta asko dira atlantikoaren alde honetan eskuratu dituen txapelketak. Munduko Txapelketa bakarka eta bikoteka irabazi zituen 2013. urtean, eta Jai Alai World Tourrean ere gailendu zen 2015ean. Miarritzeko Urrezko bost Xistera ere lortu ditu besteren artean.
Orain, udako denboraldia jokatzeko prest dago. Gernikako Grand Slama jokatuko du lehenengo; astelehenean egingo dute bikoteak zehazteko jendaurreko zozketa.