Pilota partidu arrakastatsuak, gorpuztietakoak
Festen balorazio oso ona egin dute arduradunek, bi asteburuetan herrira jendetza hurbildu dela esanez. Lehen mailako pilota partiduekin gozatu zuten zapatuan Ibaetan, eta mendi martxan 350 lagun inguru batu ziren domekan.
Gorpuzti jaiak agurtu zituzten domekan ibarrangelutarrek. Ekintzez betetako asteburua izan zuten aukeran, eta “giro ederrean” hurrengo urtera arte esan zieten herriko jai nagusiei. Festen balorazio oso ona egin dute arduradunek, bi asteburuetan herrira jendetza hurbildu dela esanez.
Paelletako prestaketekin hasi zuten eguna zapatuan Elexalden, eta herriko jendeaz ezeze, beste herrietakoak ere gerturatu zirela adierazi dute jai batzordeko kideek. “Kuadrilla ezberdinak batu ginen, herrikoak zen Bilbotik edo urrutiagotik etorritakoak. Giro aparta egon zen”. Lagunen topagunea den paellen festa urtez urte egonkortuz joan dela aitortu dute, gero eta jende gehiago animatzen baita parte hartzera. Aurten, guztira, 12 paella aurkeztu zituzten, baina garrantzitsuena giroa izan zela nabarmendu dute.
Bazkalostean pilota partiduek hartu zuten protagonismoa. Lehenengo partiduan, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai nagusitu ziren, Olatz Arrizabalaga eta Ainhoa Ruiz de Infanteri 18-10 irabazita. Gizonezkoetan, berriz, 22-19 gailendu ziren Victor eta Aretxabaleta Olaizola II eta Arangurenen aurka. Zazpi tantoko aldeagaz hasi ziren irabazleak (8-1), baina Olaizola jokoan sartu eta markagailua irauli zuen, 14-19. Partiduaren azken txanpan, baina, errioxarra eta markina-xemeindarra berpiztu egin ziren, eta Victorrek tantoak ondo amaitu zituen. Hala, hiru tantoko aldeagaz gailendu ziren urdinak.
Mendi martxa arrakastatsua. Domekan mendi martxan batu ziren, eta espero zutena baino jende askoz gehiago animatu zen. “350 lagun baino gehiagok egin zuten ibilbidea. Ez genuen espero, eta oso pozgarria izan da”, diote arduradunek. Hala, mendia eta itsasoa batuz, hurrengora arte agurtu zituzten festak.