Hasi da Pasealekuko Udal Kirol Torneoa
106 taldek parte hartuko dute atzo hasi zen torneoan. Giro ederrean batu ziren herritarrak, eta norgehiagokek Pasealekua betetzea lortu zuten beste urte batez. Benjamin mailatik hasi eta senior mailako taldeen arteko norgehiagokak ikusi ahalko dira aurrerantzean.
Futbitoko 44 talde, saskibaloiko 30 eta esku pilotako 32 bikotek eman dute izena atzo hasi eta abuztuaren 7ra bitartean jokatuko den txapelketan. Hala, iazko partaidetza kopurua “nabarmen” gainditu da aurten, futbitoko 25 talde eta saskibaloiko zortzi egon baitziren iazko torneoan.
Benjamin mailatik hasi eta senior mailako taldeen arteko norgehiagokak ikusi ahalko dira Pasealekuan. Atzo futboleko bi norgehiagoka jokatu zituzten, eta saskibaloiko bakarra. Pilotan berriz, bi bikote aritu ziren aurrez aurre.
Iaz egin legez, Pasealekua bete dute partiduek adin ezberdinetako hainbat eta hainbat herritar batu bitziren atzo.
Antolatzeko, batzarra. Parte hartzaileen kopurua hasi egin dela aitzaki hartuta, eta kirol txapelketa ahalik eta ondoen antolatzeko, informazio bilkura egin zuten joan den astean, eta bertan zehaztu zituzten lehiaketari buruzko hainbat eta hainbat kontu; besteren artean, norgehiagoken iraupenez eta epaileen jardunaz aritu ziren. Batzar horretan, udal administrazioko, Gernika Kesbeko, Gernika Atletismo Taldeko eta Arkupe Pilota Taldeko arduradunak egon ziren parte hartzaileekin batera.
Iaz berpiztu zen torneoa, zortzi urteko etenaldiaren ostean. 1978. urtean futbito partiduek eman zioten hasiera torneoari, eta sei urte beranduago, saskibaloia gehitu zen. Aurten, berriz, esku pilota da berritasuna.
Pasealekuko Udal Kirol Torneoan batzen den diruaren zati bat Busturialdeko Elikagai bakuarentzat izango dela jakinarazi dute arduradunek.