Berbalagunen xafla jarri dute Ganaga tontorrean
Gernika-Lumoko berbalagunkideek euren xafla jarri zuten zapatuan Ganaga mendi tontorrean. Hilabetero egiten duten mendi irteera aprobetxatu zuten horretarako, eta gero, ardo dastaketan batu ziren udalerrian.
Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko mendi irteera egiten du hilabetero Gernika-Lumoko Berbalagunek, baina azkena berezia izan da. Ganaga tontorrera igo eta berbalagunkideek euren xafla jarri baitute bertan.
Udalerrian hasi eta bukatu zuten ibilbidea zapatuan irteeran parte hartu zuten 36 berbalagunkideek. Lurgorritik Amillagarantz abiatu ziren, eta handik, Elorrietara joan ziren Ganaga gailurrera iristeko. Bertan, Berbalagunen xafla ikusteko geldialdia egin, eta “kristoren” ezustekoa eraman zuten arduradunek. Izan ere, Ganaga berezia da beraientzat: “Txirrik ezagutarazi zigun orain dela urte batzuk. Kosnoaga tontorraren itzalpean lotsati ageri da, eta, agian, horregatik aukeratu dugu berbalagunkideon tontor”.
Udalerriko bazter guztietan ibili dira: baso ederrenak eta bazter magikoenak ezagutu dituzte, eta baserri zaharren ondotik igaro dira txorien kantuak behin baino gehiagotan bidelagun edukita. “Ederrak izan dira hamaika bideetan zehar azken hamar urte baino gehiagotan egin ditugun txangoak”, aitortu dute Berbalaguneko kideek, eta euren esker ona bertsoz adierazi zieten zapatuan arduradunei.
Esker onak. Besteren artean, Pili Ibarrari urte luzean egindako lana eskertu zioten: Ez zenuen espero, baina horrela da. Gaur sorpresa batekin gatoz zuregana. Laster jubilatuta alpertuko zara, eskerrik asko Pili, mundiala izan da. Gidari onik bada bera dela esanda, zortea izan dutela aitortu dute: Laguntzeko prest beti bata zein bestea, eskerrik asko ekipo izan da ohorea.
Esker onak adierazita, txangoan jarraitu zuten, eta Bastegieta, Kosnoaga eta Lumo zeharkatu zituzten Gernika-Lumora iristeko. Udalerrian jai giroan batu ziren Picasso tabernan, bertan egin baitzuten Ramon Bilbaoren ardo dastaketa. Bertan, 26 berbalagunkide elkartu ziren “giro ederrean”.