Pello Bilbaok bigarren postua eskuratu du Espainiako Erlojupeko Txapelketan
Jonathan Castroviejok irabazi du Murtzian lehiatutako erlojupeko txapelketa. Gaurko garaipenagaz, bosgarren aldiz gailendu da txapelketan. Pello Bilbao izan da bigarrena, eta Gorka Izagirre, berriz, hirugarrena.
Pello Bilbao Lopez de Armentia Astana taldeko txirrindulari gernikarrak bigarren bukatu du gaur arratsaldean Murtzian lehiatu duten Espainiako Erlojupeko Txapelketa.
Bilbaok 46 minutu eta 50 segundo behar izan ditu txapelketa bukatzeko, Jonathan Castroviejo txapelketako irabazleak baino 49 segundo gehiago. Getxoko txirrindulariak 46 minutu eta 2 segundo markatu ditu Yeclako (Murtzia) helmuga zeharkatzean. Hala, bosgarren aldiz gailendu da txapelketan; bera da Espainiako Erlojupeko Txapelketan bost garaipen dituen txirrindulari bakarra (2013, 2015, 2017, 2018 y 2019). Hirugarren postuan, berriz, Gorka Izagirre Astanako txirrindularia sailkatu da, 47 minutu eta 29 segundoko denboragaz; iazko txapelketan bigarrena izan zen.
Hasieratik, onena. Txapelduna zen legez, azken atera da Castroviejo, eta hasieratik jaitsi ditu beste txirrindularien denborak. Hala, ibilbidearen 26. kilometroan, 32 minutu eta 5 segundo markatu ditu, ordura arte lehenengoa zen Pello Bilbaok baino 34 segundo gutxiago. Azkenean, ia minutu bateko aldea atera dio gernikarrari, eta minutu eta 6 segundo atera dizkio Izagirreri.