Festa nagusiak, jai egun handiak
Ekimen eta jardueraz betetako egunak datoz Mundakara eta Elantxobera. Pala txapelketa dute Elantxoben, eta kuadrillen jaitsieran batuko dira iluntzean, Mundakan.
Arrantzaleen zaindariaren eguna ospatuko dute Elantxoben eta Mundakan. Hala, San Pedro egunaren bezperan eta ostean, festaz eta ekimenez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Elantxobetarrek gaur emango diete hasiera herriko jai nagusiei, frontoian jokatuko duten Umeen Pala Txapelketagaz. Gero, esku pilota ikusi ahalko dute, 19:00etatik aurrera Elantxobeko Pala Txapelketaren finalak lehiatu aurretik.
Bihar, mezan elkartuko dira, eta Ibarrangeluko Lorea Dantza Taldearen ikuskizuna edukiko dute ostean. Arratsaldean, baina, umeek puzgarriak eta disko festagaz gozatu ahalko dute. Etzi, urtero legez, marmitako lehiaketan batuko dira portuan, eta iluntzean, elektrotxaragagaz girotuko dute herria. Sanpedroak ezusteko bategaz bukatuko dituztela aurreratu dute.
Kuadrillen jaitsiera. Txilipiteruek Kultura Elkartearen bertso poteoagaz hasiko dute eguna gaur mundakarrek. Jai giroa egun guztian nabarituko da Mundakan, txistulariak kalejiran ibiliko baitira herriko txokoak girotzen. 20:00etan izango da hitzordu garrantzitsua: Basaranetik behera kuadrillen jaitsiera egingo dute.
Txitulariekin hasiko dute eguna biharkoan, eta meza nagusian batuko dira. Bertan, Mundakako Abesbatzak Gloria eta Tu est Petrus abestiak kantatuko ditu. Ondoren, prozesioa eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute plazan.
Arratsaldean, pilota partiduak eta Egunsenti dantza taldearen emanaldia ikusi ahalko dituzte herritarrek. Gauean, baina, rock eta metal gaua izango dute. Unholy Covers eta Urgatzek emango dute kontzertua, eta jai batzordeko kideek heavys mozorrotuta joateko deia egin dute.
Apar festa izango dute domekan Mundakako txikienek, eta nagusiek herri bazkaria egingo dute martitzenean. Jaietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak antolatzaileek.