Astelehenetik aurrera Letren Etxetxoak irakurketa sustatuko du
Ekimen honegaz, "umeak eta gazteak irakurketara hurbiltzea" bultzatu gura du udalak. Etxetxoa San Juan Ibarran egongo da lehenengo, uztailaren 29ra arte.
Beste urte batez, Letren Etxetxoa jarriko du martxan Gernika-Lumoko Udalak. Astelehenetik aurrera eta abuztuaren 30era arte udalerriko parke zein aisialdi guneetan kokatuko dute.
Ekimen honegaz, “umeak eta gazteak irakurketara hurbiltzea” bultzatu gura du udalak, eta horretarako, udalerriko auzoetara eramango dute etxetxoa.
San Juan Ibarran egongo da lehenengo, uztailaren 29ra arte. Lurgorrin uztailaren 30etik abuztuaren 12ra bitartean jarriko dute, eta San Juan Ibarrara bueltatuko da berriro abuztuaren 21etik 30era. Jai egunetan ez ezik, astelehentik barikura bitartean, 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara gozatu ahal izango da irakurketaz.
Bertaratutakoek liburuak, egunkariak zein aldizkariak izango dituzte eskuragai, eta irakurtzeko eta jolasteko mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte erabiltzaileentzako. Gainera, begiralea egongo dela aurreratu dute udal arduradunek.