Lorea Ume Dantza Taldekoen koplekin hasi dituzte Gorpuzti jaiak Ibarrangelun
"Giro ederrean" igaro dute festen lehenengo asteburua, eta hurrengo asteburuan ere badute zegaz gozatu ibarrangelutarrek. Pilota partiduak izango dira zapatuko protagonista nagusiak, eta mendi martxan egiteko batuko dira domekan.
Herriko Lorea Ume Dantza Taldeko txikien koplekin hasi zituzten jaiak ibarrangelutarrek. “Giro ederrean” igaro dute festen lehenengo asteburua, eta bigarren asteburua gogo berdinekin espero dute.
Dantza taldekoei tokatu zaie aurten pregoia jaurtitzea, eta bertso baten bitartez, asteburu osoko egitaraua errepasatu zuten barikuan. “Aupa Ibarrangelu, hemen batu gara, gure herriko jaiei hasiera ematera” esanez hasi zuten bertsoa, eta gero afalostean bertsoak egongo zirela gogoratu zuten. Hala, iluntzean herriko jende asko batu zen tabernetan, eta txistulari eta pandero joleek girotu zuten Elexalde. Lekitxoko Aittitta Makurra taldeak ere giro “ikaragarria” sortu zuela aitortu dute Jai Batzordeko ordezkariek.
Zapatuan, berriz, Bermeoko Erraldoien eta Buruhandien konpartsaren inguruan ibili ziren txikienak, eta buruhandien aurrean korrika egitea tokatu zitzaien. “Beste urte batez, aurten ere etorri dira, eta giro ederrean murgilduta gintuzten. Oso pozik gaude”.
165 pertsona herri bazkarian. Eguerdian, baina, herri bazkarian batu ziren 165 pertsona. Ibaetako frontoia bete zuten beste behin, eta Esteibar eta Obietaren musikak bazalostea girotu zien. Aurten, gainera, 1920. urtea baino lehenago jaiotako Ibarrangeluko andren argazkiak batzen dituen erakusketa ikusgai egon zen. “Azoka egunean jarri genuen lehen aldiz, baina berriro atera genuen asteburuan, eta jendeari asko gustatu zitzaion”, diote antolatzaileek. Izan ere, herri txiki batean “denak” ezagutzen dira, eta argazkiko asko herritarren arbasoak dira.
Egun handia izan zen zapatua, gauean kontzertuekin gozatzeko aukera egon baitzen. Etsaiakeroak, The Riff Truckers eta Joxpa igo ziren Elexaldeko oholtza gainera, eta jendetza batu zen bertan. Herriko tabernariak “pozik” agertu direla diote jaietako arduradunek: “Tabernariak oso pozik daude, The Riff Truckers taldea ikusten piloa jende egon baitzen”.
Domekan, berriz, herriko dantzarien ikuskizunaz gozatu zuten goizean, eta San Joan bezperako suekin gozatu zuten iluntzean.
Lehen mailako pilota partiduak. Asteburuan ere, badago zer egin Ibarrangelun. Pilota partiduak izango dira protagonistak zapatuan, eta mendi martxa egingo dute domekan.
Goizean paellak egiteko batuko dira, eta jan ondoren, frontoira joateko deia egin dute antolatzaileek. Bertan, punta puntako pilotarien arteko norgehiagokak ikusi ahalko dira. Emakumezko Bizkaiko Txapeldunek jokatuko dute lehenengo, eta gero gizonezkoen partidua ikusi ahalko dute bertaratzen direnek.
Emakumezkoetan, Amaia Aldayk eta Gentzane Aldaik Olatz Arrizabalaga eta Ainhoa Ruiz de Infanteren aurka jokatuko dute. Gizonezkoetan, berriz Olaizola IIk Arangurenegaz jokatuko du Victor eta Aretxabaleta markina-xemeindarraren aurka.
Domekan, berriz, Ibarrangeluko auzoetatik zehar mendi ibilaldia eginez agurtuko dituzte gorpuztiak. Hamargarren urtez egingo dituzte nagusien eta umeen mendi martxak. “Aurreko ibilaldietan beste jende batzea espero dugu, ia 300 partehartzaile inguru”.
Zapatua
12:00. Paella Txapelketarako izen ematea Elexalden.
14:00. Paellen aurkezpena.
17:00. Pilota partiduak Ibaetan. Umeen esku pilota eta pala partiduak lehenengo. Gero, emakume profesionalen eskupilota partidua, eta bukatzeko gizonezkoena: Olaizola IIk Arangurenegaz jokatuko du Victor eta Aretxabaletaren aurka.
20:30. Triki poteoa EinGo taldegaz Ibaetan.
Domeka
08:30. Mendi martxa luzearen hasiera Elexalden.
10:30. Mendi martxa laburraren hasiera Elexalden.