Busturialdeak eguzkipean igaro ditu sanjoanak
Urteko egunik luzeenak pasa dira jada. San Joan Eguna iritsi da, baina bai bezperan zein aurreko egunetan eskualdeko herri eta auzo ospakizunekin hasi dira, eta nola ez, suak piztu zituzten atzo iluntzean.
Igaro dira urteko egun luzeenak. Sanjoanak giro ederrean bizi dituzte Busturialdeko bizilagunek, eta pentsamendu txarrak uxatu eta desioak eskatzeko suak pizteagaz batera, zenbait herri eta auzotan festa giroan aritu dira asteburuan.
Eatarrak, esaterako, herriko jai nagusiak ospatzen ari dira sanjoanekin batera. Gazteek zein nagusiek beroagaz, baina giro ederrean aritzeko aukera dute egunotan. Bariku arratsaldean eman zieten hasiera festei txupina jaurtita, eta ordutik aurrera etenik egin gabe ibili dira kostako udalerrian.
Zapatuan janak eta musikak bete zuten herriko jardueren egitaraua. Herri bazkaria egiteko bildu ziren plazoletan. Sabela bete ostean Dangiliske plaza dantzako kideak herritik zehar joan ziren kalejiran, Eako kaleak alaitzeko gogo handiz, eta iluntzean Trikizio Taldearen erromeriagaz gozatu zuten plazoletara hurreratu zirenek, betiere giro ederrean.
Atzo eta gaur herriko txikienak izan dira protagonistak. Haurrei zuzendutako hainbat jarduera egin dituzten eatarrek, horien artean San Joan Txiki edota umeentzako jolasak.
Hala ere, jaietako egun bereziena etzi ospatuko dute Eakoek. Erreka Eguna da inolako zalantzarik barik herriko San Juanak benetan bereziak egiten dituena, eta horrela, errekara salto egin eta herria bertatik zeharkatuko dute kantuan eta dantzan, itsasora heldu arte.
Kanpantxuko lasterketa. Ajangizen Kanpantxu auzoan batu ziren jaiak ospatzeko. Aurten berritasun batek hartu du sanjoanetako protagonismoa. Lehenengoz, Buelta Kanpantxu lasterketa prestatu zuten herrikoek zapatuan. Kanpantxuko plazatik irtenda, 4,9 kilometroko luzera zuen ibilbidea egin zuten parte hartu zuten 25 korrikalariek, Laubide eta Zubialde zeharkatuz.
Gizonezkoei dagokienez, Patrik Saitua izan zen lehena helmuga zeharkatzen, 16 minutu eta 40 segunduko denboran. Bere atzetik Ibon Bilbao (17:18) eta Ager Badiola (17:27) heldu ziren. Emakumezkoen lehian, Janire Arribalzagak irabazi zuen lasterketa, 21 minutu eta 3 segunduko markagaz. June Bidaguren eta Lide Bidaguren heldu ziren ondoren; 29 minutu eta 14 segundu behar izan zuten biek helmugara iristeko.
Lasterketagaz batera, “giro polita” eduki zutela adierazi dute jai batzordeko kideek. Pilota partiduetan Mikel Alberdi eta Asier Etxebarria izan ziren garaileak. Dantza ikuskizunek, briska eta mus txapelketek eta nola ez, janak eta edanak, Kanpantxuko jaietan ezin hobeto aritzeko aukera bikaina eskaini zuten.
San Juan Ibarra auzoko jaiek hartu dute Gernika-Lumo asteburuan. Bariku arratsaldean txupina jaurti ostean, dagoeneko tradiziozkoa egin den Segundo Olaeta Musika Eskolako Rock n’ Band kontzertuak musikaz bete zuen plaza gauerdira arte, estilo desberdinak nahasiz Ross Dantza Taldekoen dantzek ikuskizunari bizia ematen zioten bitartean.
Zapatuan eta domekan adin guztietako lagunek zer egin izan zuten San Juan Ibarran. Paella txapelketak, garagardo jaialdiak, Elai Alai dantza taldearen ikuskizunak eta hirugarrenez egin duten San Juan Desafioak janaz, edanaz, dantzaz eta kirolaz gozatzeko aukera eskaini zuten.
Bermeotarrak Gaztelugatxera. Bermeotarrak berriz, atzo eguerdian batu ziren kalejirari hasiera emateko. Bermeotarrak fanfarreak eta Busturialdeko gaiteroek jarri zuten musika, eta beraiekin batera Erraldoien konpartsakoak aritu ziren ikuskizuna zabaltzen herriko kaleetatik zehar.
Arratsaldean Goiko Plazan batu ziren sua pizteko, baina lehenik kanta Ttakuntxo Txalaparta Taldeak, Bermeoko irrintzilariek, Erroxape abesbatzak, Kankinkabara Txistu Taldeak eta Bus Elektrikue taldeak ikuskizuna eskaini zuten. Sua piztu aurretik Alkartasuna Dantza Taldeko sorgiñek dantza ekitaldia egin zuten, oroitzapen txar guztiak uxatzeko.
Gaur, baina, Gaztelugatxera igo dira bermeotarrak. Ohiturak bizirik mantenduz, baselizara joan eta bertan San Juaneko batzordeak antolatutako mezak entzun dituzte.
Aipatutako herrietan ez ezik, Arratzun, Busturian, Elantxoben, Foruan, Gautegiz Arteagan, Ibarrangelun, Kortezubin, Muruetan, Mundakan, Nabarnizen, Sukarrietan, Errigoitiko Zallobanten, Ereñoko Gabikan, Morgako Ganben, Mendatako Lamikizen, eta Muxikako Ajurian ere ospakizunetarako tartea egon da urteko egun luzeenez gozatzeko aukera eskaini izan duten egun berezi hauetan.