Gaurko eta biharko pentsio duinak aldarrikatu dituzte Gernika-Lumon
Busturialdeko pentsiodunak hainbat eragile eta elkarteren babesagaz atera dira kalera, eta azpimarratu dutenez, elkartasun horrek "indarra, sinesgarritasuna eta aurrera egiteko ahalmena" eman die.
Busturialdeko pentsiodunek urte eta erdi daroate kalean euren zein etorkizuneko pentsionisten eskubideak defendatu eta aldarrikatzen. Jendartearen babesa ezinbestekoa dute, eta oraingo honetan hainbat eragilegaz elkartuta agertu dira.
Atzo arratsaldean Gernika-Lumon ozen entzun ziren euren aldarrikapenak. Busturialdeko pentsionistekin batera, Nagusiak elkarteak, Gernikako Alargunen Elkarteak, Gernikako Sare Feministak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, Ernaik, eta LAB, ELA eta EHNE sindikatuek egindako agerraldian gaurko eta etorkizuneko pentsio duinak eskatu zituzten. “Elkartasunez kaleratu gara, eta horrek eman eta emango digu indarra, sinesgarritasuna eta aurrera egiteko indarra Bizkaiko Pentsionisten Mugimendukoei”, nabarmendu zuten.
Isildu egin gura dituztela uste dute, eta horren adibide jarri zuten komunikabideetan gero eta gutxiago agertzea. Hasieratik argi eduki dute euren borroka ez zela erraza izango eta epe luzerako erronka dutela esku artean. Baina, ez direla nekatuko ere argi dute, eta “partida oso-osorik jokatu eta irabaziko dutela” aldarrikatu zuten atzo: “Ezin da irabazi partidarik azkeneraino, 22. tanturaino jokatzen ez bada”.
Orain arte lortutakoa euren borrokagatik izan dela-eta, euren apustuak aurrera jarraitzen duela irmo esan zuten: “Mahai gainean ipini ditugu gaur gureak diren, baina lehenago edo beranduago denon eskubideak izango direnak: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, alargunek %100 pentsioa edukitzea, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, gizonen eta emakumeen artean soldata desberdintasunik ez egotea, KPIaren balioa legez handitzea, kopagoa eta pobrezia energetikoa errotik desagertzea, 2010-2013 lan erreforma gidatzen duen legea indargabetzea..”. Pentsio pribatuekin kontuz ibiltzeko ohartarazpena egin zuten, “boteretsuen interesak puzten” dituztelako.
Euren borrokak eta batasunak gai horiek politikoen agendetara eroan dituztela gogora ekarri zuten: “Askotan entzuten dugu gure eskaerak ezinezkoak direla. Baina zelan izango dira eskubideak ezinezkoak? Kutxan ez dagoela dirurik ere badiote, baina zein edo noren kutxan ez dago dirurik?”. Aberastasunaren banaketa sanoagoa eta berdintzaileagoa eskatzen dute, posible dela sinistuta daudelako: “Ezin dena da soldata miserableekin pentsio duinak ziurtatu, horixe da ezinezko egin behar duguna”.
Aurrera begira lan asko dutela-eta, udan etenaldia egingo dute, arnasa hartu eta euren indarrari bultzada emateko. Ohi legez, astelehenean udaletxe aurrean elkarretaratzea egingo dute eta irailaren 16an bueltatuko dira, eta esan dutenez, udazkenean euren borroka “gogortu edo sendotuko” dute.
Beste borroka batzuk gogoan. Atzoko manifestazioaren amaieran, langileen eskubideen defentsan eta lan baldintza duinak aldarrikatzen ari diren bi sektore izan zituzten gogoan. Hitzarmen duin baten alde borrokan ari diren Bizkaiko metalgintzako langileei euren elkartasuna adierazi zieten, eta baita lehen arretako osasun zentroetako profesionalei ere.