Sua eta ura bat eginda udari hasiera emateko
Ieko Jai Batzordeak adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu ditu sanjoanetan. Besteak beste, musika eta dantza nabarmenduko dira Ean datozen egunetan, eta hilaren 26an errekara sartuko dira bizilagunak, urtero legez.
Jai giroan emango diote ongietorria herritarrek udari, izan ere, Ieko Jai Batzordeko kideek bizilagun guztiek gozatzeko moduko egitaraua aurkeztu dute sanjoanetarako. Iaz ez bezala, antolatzaileak prestaketa lanetan «oso berandu, maiatzean» hasi dira, baina hala ere, txiki, gazte zein nagusiek ez dute jarduerarik faltan izango datozen egunetan.
Gaur arratsaldean emango diete hasiera jaiei, eta horretarako, urtero legez, txupina jaurtiko dute Eako Kaiarrixan. Festak ez du etenik izango aurrerantzean. Egitarauak dakarren berritasun nagusia Ion Martinez Esnaola artista donostiarrak frontoi atzean eskainiko duen emanaldia izango da: Txikiren bakarrizketa: ’40 urte eta aldapan behera niek!’. Antzerkia eta umore absurdoa uztartuko ditu zapatuan Martinezek.
Jai Batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, «azken urteetan Josu Bergara abeslariak eman izan duen kontzertua ordezkatuko du bakarrizketa honek. Izan ere, atsedena hartuko du aurten musikariak, eta herritarrei zerbait ezberdina proposatzea pentsatu genuen. Hala, Txikiren bakarrizketa ideia ona iruditu zitzaigun». 2002. urteaz geroztik Euskal Herriko gaztetxe, taberna eta antzokietan ezagun bilakatu dira artista donostiarraren emanaldiak.
Ion Martinez Esnaolak eskainiko duen bakarrizketa da berrikuntza nagusia
Musika eta dantza nagusi. Herriko kaleak kantuz beteko dituzte bizilagunek gaur, tabernaz taberna hartutako tragotxoak musika doinu eta erritmo ezberdinekin ere lagunduz. Abuztuko barikuetan egin ohi duten moduan, «plazoletan hasi eta herriko bi kaleetan joan etorria egiten dute herritarrek».
Izan ere, musika eta dantza protagonista nagusiak izango dira sanjoanetan, nola ez. DJ Elepuntok gauari bizitasuna emango dio gaur. Bihar aldiz, Euskal Herrian erreferentziazko erromeria taldea den Trikiziok alaituko du Ea. «Aurretik, iluntzean, Dangiliske plaza dantza taldeak ere plazoletan hasiko du omenaldia, eta herriko hainbat txoko igaroko ditu, eatarrak dantzan jarriz».
Jai Batzordeko kideek gaineratu dutenez, «San Juan bezperan, gainera, suziriak jaurti eta San Juan sua piztu baino lehen, musika jarriko dugu, jendea anima dadin. Eta beharbada, egitarauaz kanpoko sorpresa txiki bat ere egongo da ostean».
Kaiarrixan jaurtiko dute txupinazoak emango die hasiera San Joan jaiei
Baina egun garrantzitsurik bada Ean, ekainaren 26a da, zalantza barik. Herriaren izen bera daraman errekan sartzeko egun handia da, bizilagunek gogotsu itxaroten dutena.
Aurten, eguaztenez ospatuko dute eatarrek Erreka Eguna, baina Jai Batzordeko kideak lasai daude, iaz ere asteartez giro paregabea izan baitzuten eta jende andana hurbildu baitzen. «Egun berezia da guretzat, eta eguerdi aldera espero dugu jendea hurbiltzea. Izan ere, eguaztena izatean gehienek goizean lan egin beharko dute».
Ohi bezala, jarduera mordoa izango dituzte bizilagunek Erreka Egunean. Ate gaineko dantzariek herria zeharkatuko dute 12:00etan, eta arratsaldean errekara sartuko dira eatarrak.
Herria zeharkatuko dute Ate gaineko dantzariek eguaztenean
Txiki, gazte edo nagusi izan, denak harro kalera irtengo dira, beste behin, urte guztia zain egon eta gero. Berezia baita eguna, eta berezia, nola ez, jarduera: «Ez dut uste beste inon egiten dutenik errekara sartu eta itsasora iritsi arteko jarduera eder hau, zoragarria da».
Ardoa Barrura fanfarriak, lehenik, eta Danbayan batukadak gero, kaleak musika doinuez beteko dituzte aurreko egunetan bezala. Hala, San Juan jaiei eta Erreka Egunari bukaera ezin hobea emango diete herritarrek.
EGITARAUA:
Gaur, ekainak 21.
- 18:00. Txupina, Kaiarrixan.
- 19:30. Kantu poteoa, plazoletan hasita.
- 23:30. DJ Elepunto, plazoletan.
Bihar, ekainak 22.
- 14:30. Herri bazkaria, plazoletan.
- 19:00. Dangiliske plaza dantza, plazoletan hasi, herrian zehar.
- 23:30. Erromeria Trikizio taldeagaz, plazoletan.
Domeka, ekainak 23.
- 18:00. San Joan Txiki, Lagunetxean.
- 19:00. Txikiren bakarrizketa, frontoi atzean: 40 urte eta aldapan behera niek!
- 23:00. Su artifizialak eta San Joan sua, hondartzan.
Astelehena, ekainak 24.
- 13:00. Hamaiketakoa, plazoletan.
- 17:30. Umeen jolasak.
Eguaztena, ekainak 26.
- 12:00. Ateganekoa, plazoletatik hasita.
- 13:00. Ardoa Barrura fanfarria, plazoletatik hasita.
- 17:00. Gozo eltzeak, plazoletan.
- 17:30. Errekara sartzea.
- 20:30. Danbayan batukadaren kalejira, plazatik hasita.
- Ondoren. DJ TxO’s.Na(!).