San Juan jaiak, bermeotarren ikuspegitik
Sanjoanak bereziak dira bermetoarrentzat, eta hori islatzen duen bideoa argitaratu du Bermeoko Udalak.
Gaztelugatxeko San Juanek eta San Juan Jaiek Bermeo eta bermeotarrekin duten lotura azpimarratzen duen bideoa egin du Bermeoko Udalak.
Gaztelugatxeko San Juan “bermeotarrontzako gune oso berezia” dela aldarrikatzen da bertan. “Gaztelugatxeko San Juanen ingurumen balio izugarria, eta Bermeorekin, gure historia eta istorioekin, gure tradizio eta ohiturekin, eta, zelan ez, urtero ospatzen ditugun San Juan jaiekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen die bideoak, inguruko zein kanpotik etorri diren bisitariei”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
Hori lortzeko, atzerrian bizi diren lau neska bermeotarren istorioa kontatzen da. Lau neska horiek San Juan jaiak ospatzeko Bermeon batzen dira, eta euren bidez sorgin dantzak, sua, Gaztelugatxeko San Juanen eskaileren igoera, mezak eta bestelako ohiturak eta tradizioak ikusiko ditugu bideo “hunkigarri” honetan.
Bideoa www.bermeobizi.eus Bermeoko Udalaren turismo webgunean ikusi ahal izango da astelehenetik aurrera.