Lehen Hezkuntza ezarri gura dute Natxituko Haizeder Eskolan
Lehen Hezkuntzarako bidea egin gura dute Haizeder Handitzen guraso elkarteko kide eta herritarrek. Horretarako, proiektu inklusibo eta integrala eratu eta aurkeztu berri dute.
Haizeder eskolan Lehen Hezkuntza ezartzeko eskatu dute Ea, Natxitua, Ibarrangelu eta Elantxobeko herritarrek; eremu ezberdinetako herritarrak batu dira gaur eguerdian eskola aurrean. Lehen Hezkuntzarako bidea egin gura dute Haizeder Handitzen guraso elkarteko kide eta herritarrek, “inklusio programa integral bat garatzeko baliabide nahikoa dagoelako”.
Ea, Natxitua, Elantxobe eta Ibarrangeluko herri txikietan bizitzeko ezinbesteko baliabideen artean Lehen Hezkuntzako eskaintza edukitzea falta zaiela uste dute, eta ez dela soilik gurasoen kontua diote guraso elkartekoek: “Azken hilabeteetan kezka handi batek batu gaitu behin eta berriro. Izan ere, herri txikietan bizitzeko ezinbesteko baliabide bat falta zaigu, eta ez da bakarrik guraso garenon kontua. Eskaera honekin bat egiten dute Elantxobe, Ibarrangelu eta Eako Udalek”.
2010. urtean zortzi ikaslerekin zabaldu zuten Haizeder Eskola Natxituan. Eskola berreskuratzeak guraso eta herritarren lan handia suposatu zuen, baina merezi izan zuela deritze: “Gaur egun ez du inork zalantzan jartzen hori, baina eskola labur geratu zaigu”. Azken ikasturtean 35 ikasle izan dituzte, eta datozen urteei begira, aurreikusitako hazkunde demografikoaren gorakadak Lehen Hezkuntza ezartzearen beharrizana handitzen duela uste dute.
Izan ere, premia hori identifikatu zutelako hasi ziren elkartzen duela urte eta erdi. “Ikusi dugu inguruko beste herri txikietan Lehen Hezkuntza daukatela, baina gure umeek ez dute horrelako aukerarik”, diote elkarteko kideek. Hori horrela, inguruko herrietako ikasleak Haizederretik Barrutira joan behar direla gogorarazi dute: “6 urtegaz Gernikaraino autobusean joan etorriak egiten ibiltzea gogorra dela iruditzen zaigu”.
LH ezartzeko proiektua martxan. Beharrizanak aztertuta, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako proiektu inklusibo eta integrala eratu dute Haizeder Handitzen guraso elkarteko kideek. “Gure umeen hezkuntzaren garapena, kalitatea, balorea, identitatea eta komunitatearen gertutasuna, eta eskola txikiek eskaintzen dituzten gainontzeko ezaugarriak bermatuko lituzkeelako bultzatu dugu proiektua”, arrazoitu dute, eta “bideragarria” dela adierazi dute. Izan ere, horrela baieztatzen du proposamenak, eta arkitektura aurreproiektuak.
Proiektuagaz Lehen Hezkuntzako eskaintza pausoz pauso ezartzea aurreikusi dute. Lehenengo pausoa 2020-2021. ikasturterako pentsatu dute, “datorren ikasturtea oso hurbil dagoelako”. Hala, hurrengo ikasturtean proiektua garatzen jarraituko dute eta hurrengoan, berriz, Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloa –lehenengo eta bigarren maiala– ezartzea gustatuko litzaieke. “Gero, urtez urte, faltako ziren beste bi zikloak gehituko genituzke”, aitortu dute.
Proiektua eraikin berberean garatu daitekeela uste dute, eta hori argudiatzeko, arkitektoek bi aurreproiektu diseinatu dituzte. Bata orain dagoen eraikina berregokitu eta bi hegaletan bi modulo ateratzea da, eta bestea, berriz, bigarren solairu bat egitea.
“Ez kolore, ez politika, ez adin, ez ezberdindu gaitzakeen etiketarik. Denona eta denontzako izango den inklusio programa integral bat garatzeko baliabide nahikoa dago”, diote guraso elkarteko kideek. Beraz, garatutako proposamenagaz, azken urteetan Eusko Jaurlarita bultzatzen ari den eskola txikien sistemaren parte izan gura dute.
Eguenean Hezkuntzan aurkeztuko dute egindako proiektua, eta bultzatu daitekeen proposamena dela erakutsiko dute: “Gure asmoa egindako lanaren berri ematea da, eta elkarrekin proiektua bultzatzea. Orain arte entzundako berbak onak dira, eta aurreikuspen onekin joango gara”. Inguruetako herritarren batasuna “erabatekoa” da, eta indarra lortu dutenez, lanean jarraituko dute, “Haizeder handitzen”.