Badatoz sanpelaioak, Belendiz girotzera
Jai giroan murgiltzeko dena prest daukate belendiztarrek. Bihar paellak prestatzeko aitzakian batuko dira kuadrilletan, eta gauean Itzalak talde ondarrutarrak joko du. Eguaztenean ospatuko dute San Pelaio eguna.
Sanpelaioak ospatzeko aitzakian batuko dira asteburuan, Belendizen. Hain zuzen, ekitaldi gehienak bihar eta etzi egingo dituzte, eta eguaztenean, berriz, ohiturari eutsiz, eguerdiko mezagaz eta osteko pintxoekin bedeinkatuko dute Pelaio Deuna.
Paellak prestatzeko hitzordua daukate biharko. Familiakoen zein lagunartean egingo dituzte, eta elkarregaz bazkalduko dute ondoren. Umeentzat arratsalde pasa dibertigarria bermatuta edukiko dute Ehunzangokoen eskutik, eta ondoren, berriz, adin guztietako herritarrei zuzendutako ikuskizuna eskainiko dute Impro Y Punto konpainia bizkaitarraren antzezleek.
Gauean, “izugarrizko giroa” ziurtatuta edukiko dutela esan dute jai batzordekoek, eta horretarako euren aletxoa jarriko dute Itzalak talde ondarrutarreko musikariek eta DJ Koolek.
Txakolina eta sagardoa. Domeka eguerdian ere giro onik ez da faltako. Trikitixa eta pandero hotsek lagunduta, txakolin eta sagardo dastaketan elkartuko dira belendiztarrak. Bazkaldu aurretik, gainera, lehia polita edukiko dute txapel jaurtiketan. Zeinek txapela urrunago bota ariko dira ahalegin betean.
San Joan bezpera izanik, iluntze gau partean sua piztu eta ume, gazte, heldu zein nagusi suaren inguruan elkartuko dira. Baina, aurretik, umeentzako jolasak eta txokolate jana egingo dituzte.
EGITARAUA:
Bihar, ekainak 22
- 12:30. VII. Paella Txapelketaren izen ematea.
- 13:00. Umeentzako jolasak.
- 14:30. Paellen aurkezpena.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 17:00. Ehunzango jolasak.
- 19:00. Trotamundos ikuskizuna (Impro Y Punto konpainia).
- 21:00. Makallau eta urdai jana.
- 22:00. Itzalak eta DJ Kool.
Etzi, ekainak 23
- 13:00. Txakolin eta sagardo dastaketa, trikitilariek alaituta.
- 14:30. Txapel jaurtiketa.
- 19:00. Umeentzako jolasak.
- 20:30. Txokolatea denentzat eta ostean, san juan sua.
Ekainak 26, eguaztena
- 12:30. Meza santua. Ondoren, mokadutxoa denentzat.