Txikiak izango dira Ur Festa jaialadiaren protagonistak, bihar
Etxeko txikienak protagonista izango diren Ur Festa jaialdia egingo dute bihar Astran. 17:30ean jarri dute hitzordua, eta denetariko ekintzekin gozatzeko aukera izango dute ume eta gaztetxoek.
Astrako espazioa berrantolatu eta txikiei beraien txokoa ematea da Astra Txiki dinamikaren asmo nagusia. Hori lortzeko, baina, errekurtsoak behar dira, eta horiek eskuratzeko Ur Festa Jaialdia antolatu dute biharko. 17:30ean jarri dute hitzordua kulturarako fabrika sozialean, eta denetariko ekintzekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren ume eta gaztetxoek.
Txikientzako ekintzak faltan botatzen dituzte Astra Txiki dinamikako kideek, eta etxeko txikienei egokitutako jaialdi baten beharrizana ikusita, Ur Festa antolatu dute: “Txikiak protagonista bihurtu gura genituen, eta Astra leku ona iruditzen zitzaigun horretarako. Hala, eurentzako jaia bultzatu dugu”. Eguraldia ez dute lagun izango, baina denetariko jokoak egingo dituztela aurreratu dute, egunari aurre egiteko. “Ez dira bakarrik ur jokoak egongo, bestelako hainbat ekintza antolatu ditugu”, diote, eta margozteko, dantzatzeko, abesteko eta ohe elastikoetan jolasteko aukera izango dutela aurreratu dute. Hori gutxi balitz, bigarren eskuko azoka ere egingo dute.
Elkartsasun azoka izango da, eta liburuak edota jolasak eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bigarren eskuko azoka bultzatzeko herriko ikastetxe eta taldeen laguntza eduki dute, eta euren elkartasuna eskertu diete.
Espazioa egokitzearen beharra. Ur Festako elkartasun jaialdia da, izan ere, azokatik eskuratzen duten dirua, Astran txikientzako gune bat egokitzeko erabiliko dute. “Astrako espazioa berrantolatu eta txikiei ere beraien txokoa ematea da gure asmoa, eta horretarako errekurtsoak behar ditugu”, aitortu dute Astra Txikiko kideek. Gainera, etorkizunean txikientzako ekintzak antolatzeko diru sarrerak edukitzea beharrezkoa dela deritze.
“Gure asmoa ez zen ikasturte bukaerako jaia egitea, baina udan Astran egoten den geldialdia aitzaki hartuta, eta beharrizanak zeintzuk ziren ikusita, jai bat egitea erabaki genuen”, diote dinamikakoek. Hala, herriko txiki eta nagusi guztiak gonbidatu dituzte biharko jaialdian parte hartzera, “ondo pasatzeko aukera ederra delako”.