Bilboko X. Banderak emango dio hasiera TKE Ligari, zapatuan
Eusko Label Ligaren lehen proba puntuagarria izango da, eta iazko sailkapen nagusiaren emaitzaren alderantzizko ordenan irtengo dira traineruak. Bermeo Hiriko 37. Bandera irailaren 14an lehiatuko dute.
Bilboko X. Banderak emango dio hasiera TKE Ligari, zapatuan [ekainaren 22a]. 18:00etan erlojupekoa lehiatuko dute 12 traineruek, eta beste 18 jardunaldi izango dituzte iraila bitartean.
Eusko Label Ligako lehen proba puntuagarria izango dute arraun taldeek Bilbon. Lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte banan banan, minutuko tartearekin irtenaz. Lau taldeko hiru txandatan ekingo diote traineruek erlojuaren aurkako saioari, iazko sailkapen nagusiaren emaitzaren alderantzizko ordenan. Astillero, Isuntza, Kaiku eta San Pedro irtengo dira lehen txandan; Ondarroa, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi, bigarrenean; azkenik, Orio, Zierbena, Hondarribia eta Urdaibai.
Domekan [ekainaren 23a], aldiz, Zierbena-Petronor XXXVI. Bandera jokatuko dute 12:00etan hasita, eta Bermeo Hiriko 37. Bandera irailaren 14an lehiatuko dute.
KAE2 Liga, Elantxoben. Busturialdea, Bermeo eta Mutriku taldeek K2ko hitzordua izango dute domekan, Elantxoben. 12:00etan hasita, 5.556 metroko estropada eremuan lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte taldeek. Lehenengo txandan Castro, Mutriku eta San Juan B irtengo dira; bigarrenean, Portu-Deusto, Busturialdea, Castro eta Bermeo B. Azken txandan, aldiz, Portugalete, Hondarribia, Orio eta Getxo.