Etxerako bidea marrazteko lan eginez
Sarek deituta, Euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazioa egin zuten atzo Gernika-Lumon.
“Gurpil hurbilek etxerako bidea egin dezagun” lelopean, Gernika-Lumoko Sarek etorkizunera begira jartzeko aldarria egin zuen atzo arratsaldean egindako manifestazioan. Merkuriotik hasita, Euskal preso eta iheslarien aldeko ibilbidea egin zuten Gernikatik.
Aurtengo manifestazioa berezia izan zen. Sare jaio zenetik bost urte beteko direla gogoratu zuten, eta beraien mezua zabaltzeko, Onintza Enbeita eta Ibai Amillategi bertsolariak Sarek prestatutako kamioi gainean bertso pare bat bota zituzten ekimenari hasiera emateko.
Ostean, musikaren doinuek hartu zuten Sarek dei egindako manifestazioa. Kamioi berera hainbat musikari igo ziren, eta Gernika zeharkatuz, musikak eta Sareren aldarriak bat egin zuten.
[IKUSI HEMEN ATZOKO ARGAZKIAK]
Ehunka pertsonak jarraitu zuten Sareren kamioia. Merkatu Plazan amaitu zuten ibilbidea, eta bertan dantza ikuskizun bat egin ostean, 2014ko ekainean hasi zuten bidea “ahalik eta arin amaitzeko” asmoagaz ekin zutela adierazi zuten, helburuak lehenbailehen betetzeko. Oraindik ibilbide hori bukatu ez badute ere, Sarekoek duten helburua beti berbera izaten jarraituko duela aldarrikatu zuten, “euskal preso eta ihesariak etxeratzeko bidea gauzatzea” hain zuzen ere.
“Distantzia amaiezinak”. Espainiar gobernua “dispertsio politika sistematikoki aplikatzen hasi zenetik 30 urte” bete direla gogoratu zieten Merkatu Plazan bildutakoei. Hala, “distantzia amaiezinak betetzen” ari direnak gogora ekarri zituzten. Horiek jasaten duten “xahutze ekonomikoa” eta istripuak “non-nahi” bizitzeko arriskuak aipatu zituzten Sarekoek, “errepidea eta kilometroak bidaia lagun dituztela”.
Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera salatzeko ere aprobetxatu zuten. Gaixotasun sendaezina duen presoa etxera ekartzea urgentziazko gaia dela uste dute Sarekoek. Izan ere, Arronategiren kasua Zigor Kodeak eta Espainiako espetxe legediak egoera berezietarako dituen baldintza berezien barnean kokatzen dela adierazi zuten.
Arronategik “hirugarren graduko” erregimenean egon beharko lukeela aldarrikatu zuten, “arazo humanitarioak eta pertsonaren duintasuna tarteko”. Justiziaren aldetik ere horrela izan beharko dela diote, “espetxe araudiko 100.4 artikuluaren arabera”.
Hori betetzen ez dela esanez amaitu zuten: “Espainiar legediak kartzeletako hesietatik kanpo artatze horrek duina izan behar duela esaten badu ere, agerikoa da Keparen kasuan hori ez dela gauzatzen”. Hala, beraien helburuak lortzeko lanean jarraituko dutela aldarrikatu zuten Gernika-Lumoko Sareko kideek, “gurpil hurbilen etxerako bidea marraztuz”.
Manifestazioa amaitzeko ekainean eta uztailean egingo dituzten ekimenen berri eman zuten. Bihar, Sareren bosgarren urteurrena gogoratzeko, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoa Hallean batuko dira bihar.
Ekainaren 20an, Errefuxiatuen Nazioarteko egunaren harira, Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea eta Astra Gernikagaz elkarlanean bideo klipa zabalduko dute. Uztailaren 17an, bestalde, Maria Rivero eta Tribu Banda eramango dituzte Astra Iluntzeetara.
[IKUSI HEMEN ATZOKO ARGAZKIAK]
Uztailaren 21ean Sarek deitutako bizikleta itzuliaren azken etapa egingo dute Gernikan. Horrekin batera ekitaldia eta luntxa egingo dituztela aurreratu dute.