2023ra arteko aginte makilak banatu dituzte Busturialdean
2019-2023 agintaldia hasiko duten osoko bilkuran egin dituzte eskualdeko udalerri desberdientako udalbatzek. Bertan, alkate berriak izendatu eta horiei aginte makilak eman dizkiete.
Busturialdeko udal barrien osaketarekin hasi dira gaur goizean. Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen ostean eskualdeko alkateek aginte makilak jaso dituzte, eta beraien hauteskunde programak errealitate bihurtzeko lanean hasteko ordua iritsi zaie.
Eskualdeko hainbat herritan jazo da aldaketa. Bermeon, esaterako, espero modura Eusko Alderdi Jeltzalearen alkategaia, Aritz Abaroa, aukeratu dute.
EAJren hautagaiak bederatzi boto izan ditu, zinegotzi jeltzaleengandik jasotakoak, hain zuzen ere. EH Bilduko bost zinegotziek eta Guzan plataformako hiru zinegotziek euren taldeetako hautagaiak bozkatu dituzte. EH Bilduk azken zortzi urteak alkatetzan eman ondoren, Idurre Bidegurenen eskutik jaso du aginte makila jeltzaleak.
Abaroaren berbetan, Bermeoko Udalak lau urteko “etapa berri bat” hasi du. Alkatetza “ohorez eta erantzukizunez” hartzen duela adierazi du eta udal korporazio berriak aurretik “erronkaz, ilusioz eta proiektuz beteriko ibilbidea” duela aurretik. “Karguak eskatzen duen mailan” egon behar dutela dio Abaroak, eta bihotzean Bermeo eta bermeotarrak edukita “agintaldi oparoa” izatea du helburu bezala.
Bermeoko elkarte eta sektore desberdinekin harremanetan jarraitu eta horiekin elkarlanean aritu nahi du jeltzaleak, herriaren “inplikazioa bilatuz”. Udal korporazioa osatzen duten taldeei ere bere eskua luzatu die alkate moduan, “elkarrekin herriaren onurarako iniziatibak lantzeko”.
Gernika-Lumon, agintean jarraituko du Jose Mari Gorroñok beste lau urtez EAJren eskutik. Hamar zinegotzi lortu zituen EAJk udal hauteskundeetan, eta zazpi EH Bilduk. Gorroño alkatetzan egongo den laugarren agintaldia izango da gaurtik hasitakoa.
“Ohore handia da jaio eta bizi nazen herriko alkate izatea”, adierazi du Gorroñok gaur egindako osoko bilkuran. “Eskerrik asko niregan eta nire taldearengan konfiantza jarri duzuen herritar guztioi”. Aurreko agintaldietan “Gernika-Lumo hobetzen gozatu” egin duela azpimarratu du alkateak, eta datozen lau urteetan ere hala egiten jarraitzeko asmoa agertu du.
Aldaketak. Eskualdeko hainbat udalerritako udaletan aldaketak egon dira. Horren adibide dugu Murueta. EAJren alkategai izan den Julen Karrionek hartu du aginte makila Murueta Independiente Taldeko Jabier Ondarzaren eskuetatik. 20 urterekin, Karrion da eskualdeko alkaterik gazteena, eta herritarrak alboan gura ditu Muruetako alkate berriak, elkarlanean aritzeko.
Elantxoben berriz, EH Bilduko Patxi Egurrolak izango du aginte makila datozen lau urteetan. Azken agintaldian EAJ izan da Elantxobeko herriko alkatetzan, agintaldi berrian aldaketa ekarriz.
Alkatetza mantenduz. Alkatetza mantendu duten udalerriei dagokien kasuan ere zenbait aldaketa egon dira. Horren adibide dugu Muxika. EH Bilduk alkatetza mantentzen badu ere, aginte makila eskuz aldatu da, eta Begoña Enbeita izango da herriko alkatea datozen lau urteetan.
Enbeita, gainera, Muxikako lehen emakumezko alkatea izango da. Ez hori bakarrik, gaurko osoko bilkuran Enbeitak nabarmendu duenez, udalbatzaren gehiengoa emakumez osatuta dago: bederatzi zinegotzietatik bost emakumeak dira, hiru EH Bilduren aldetik eta bi EAJtik. “Mahai honetan erabakiak hartzerakoan lehenengoz emakumeok izango gara gehiengoa”.
Udalbatza osatzeko ekitaldiari amaiera emanda, udal gobernuko kideek LGTB+, emakumeen aldeko borrokaren eta euskal presoak euskal herrira ekartzeraren aldeko banderak jarri dituzte udaletxeko balkoietan. Alkateak gaurkoan zein aurretik ere alboan izan dituztenei eskerrak eman dizkie, eta udaletxean denentzako lekua egongo dela esan du: “Etxe hau harrizko etxea da, baina gaur ateak irekita aurkitu dituzue, eta hemendik aurrera ere herritar guztiontzat irekita egongo dira”.
Foruko kasuan, EAJk alkatetza mantentzen badu ere, Jane Eyre Urkietak bere kargua utzi eta aginte makila Mikel Magunazelaiari eskaini dio. Magunazelaiak alkatetza onartzea “ohore bat” dela adierazi du, baina “arduragaz hartzen duen ohorea”. Ideia berriak eta proposamen zentzudunak entzuteko prest agertu da alkate berria,
EH Bilduk jarraituko du Ajangizko alkatetza mantentzen. Aginte makila, baina, Koldo Carbonellek jaso du gaur goizean.
Ibarrangelun, Nabarnizen, Ereñon, Mendatan, Ean, Errigoitin, Morgan, Gautegiz Arteagan eta Arratzun makilak esku berberetan jarraituko du. Modu horretara, Jesus Mari Ziluagak (Armendu), Jose Antonio Marurik (EH Bildu), Joseba Zarragoikoetxeak (EAJ), Joseba Malleak (EAJ), Iratxe Arriolak (EH Bildu), Aintzane Arrienek (EH Bildu), Mari Tere Artetxek (EAJ), Juan Felix Naberanek (EAJ) eta Josu Sabin Olanok (EAJ), hurrenez hurren, bakoitzaren udalerriko alkatetzari eutsiko dio.