San Fidel Ikastolara egin dugu ikasturte honetako azken bisita
DBH 3. eta 4. mailetako ikasleekin egon gara goizean, kazetaritza generoak lantzen. Hurrengo ikasturtean ere ikastetxez ikastetxe gure lanaren berri ematen segituko dugu.
Albistea, iritzi artikulura, erreportajea, kronika… kazetaritza genero edo testu mota desberdinak aztertu ditugu gaur goizean, San Fidel Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleekin. Horien ezaugarri nagusiak zeintzuk diren eta kazetariok zelan lantzen ditugun ezagutu dute. Ariketa praktiko baten bidez murgildu dira kazetaritza generoetan eta horrez gain, gaurko egunkarian identifikatu dituzte testu mota desberdinak.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkaria nola egiten dugun ikusi eta ikasi dute bertatik bertara, bai eta bi webguneak zelan elikatzen ditugun ere. Gainera, bisitaren amaierako talde argazkiak atera aurretik, gure sare sozialetan ( facebook, Twitter, Instagram eta YouTube ) arakatzen ere aritu gara.
[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKIAK]
Aurreko ikasturtean egin moduan, oraingo honetan ere saio parte hartzaileak egiteko konpromisoa eduki dugu Busturialdeko Hitzaren lantaldea osatzen dugunok, eta gaurkoa izan da 2018-2019 ikasturtean egin dugun azken bisita. Bermeon hasi genuen ikasturtea, San Frantzisko Herri Ikastetxera eta Eleizalde Ikastorala hurreratuta. Ondoren, Seber Altuben egin genuen 2018ko azken bisita, eta 2019a, berriz, Barrutialdekoekin hasi genuen. Bigarren hiruhilekoan, Busturiako JM Uzelai eskolan, Muxikako Urretxindorra eskolan, Gautegiz Arteagako Montorre eskolan, eta Mundakako eskolan ere egon ginen. Ikastetxe guztietan oso gustura egon gara, eta asko eskertu dugu ikasleen prestutasuna eta interesa. Datorren ikasturtean ere herriz herri ibiliko gara gure egunkariaz, webguneaz, eta kazetaritzaz hitz egiten.