Ikuskizun kooperatiboa
Mondragon Talde Kooperatiboak, hainbat artistekin elkarlanean, ‘Humanity at Music’ proiektua sortu du. Ikuskizunaren helburua kooperatibaren ideologia eta historia kontatzea da.
Ekarlana. Esperientzia kooperatiboak. Sorkuntza. Alor horiek musikaren eta dantzaren bitartez batzea bilatzen duen proiektua da Humanity at Music. Mondragon talde kooperatiboa eta hori osatzen duten taldeak bultzatzeko sortutako egitasmoak horien historia era berritzaile batean kontatu eta etorkizuna beste ikuspegi bategaz begiratzeko helburua dauka.
Humanity at Music diziplina anitzeko obrak batzen dituen ikuskizun kooperatiboa da: besteren artean, musika, narratiba, kantua, ilustrazioa, bertsolaritza, antzerkigintza eta dantza.
Iñigo Albizuri Mondragoneko erakunde harremanetarako zuzendariaren arabera, egitasmoa “kooperatibismoaren baloreak” jendeari ezagutzera emateko gogotik jaio zen duela bi urte. Hori lortzeko, musika erabiltzea otu zitzaien. “Beti gabiltza batzarretan, baina hau beste modu berri bat da jendea mundu honetara hurreratzea lortzeko”.
Kooperatibagintzaren balioak zentzu kultural batean eta begirada artistiko bategaz zabaldu ahal izateko, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kultur eragileekin harremanetan jarri ziren. Jon Maya dantzari eta koreografoa, Jon Sarasua eta Onintza Enbeita bertsolariak eta Fernando Velazquez musika konposatzailea dira, beste askoren artean, proiektuan buru-belarri murgilduta dauden artistak. Guztien artean “kooperatibismoaren sinfonia” eratzen hasi ziren.
Zortzi pieza. Sinfonia hori zortzi musika piezaz osatuta dago, obertura batetik hasita, iraganean igarotakoak omenduz eta etorkizunera begiratuz amaitzeko. Pieza bakoitzak talde kooperatiboaren negozio linea ezberdinak kontatzen dituela azaldu dute arduradunek: finantzak, banaketa, industria, ezagutza… guzti horiek biltzen dituzten balioak eta hori aurrera eramateko beharrezkoa den elkarlanari buruz aritzeko ideia Fernando Velazquezengandik jaio zen.
Kooperatiba taldekoek enpresak bisitatzeko deia egin zioten konpositoreari, eta beragaz batera zenbait bertsolari eta idazle aritu ziren. Velazquezek enpresa egiteko modu desberdin hori azaltzeko nahia azaldu zuen, eta hala musika sortzen hasteko lanagaz hasi zen.
Musikari, noski, letra ere jarri behar zitzaion. Horren ardura Jon Sarasuak hartu zuen. Bien artean egindakoa herriz herri, hainbat lekutan aurkezteko lana hartu zuen proiektuak: Arrasate, Aretxabaleta eta Oñatitik igaro ostean, irailean Gasteizko Buesa Arenan amaituko dute musika ikuskizunagaz.
Horien artean, Gernika-Lumoko Astran ere egindako lana ezagutzera eman eta jendea inplikatzea lortzeko batu ziren Humanity at Music-ekoak joan den barikuan.
Astran entsegu orokorra egin zuten, eta bertan egon ziren Velazquez eta Maya artistak abesbatzagaz eta dantzari taldeagaz batera. Entseguak irailean bukatuko duten ibilbidearen froga bezala jokatu zuen. Musikariak eta dantzariak zein bere taldean banatuta aritu ziren. Hala, Velazquez abesbatz kooperatiboagaz entseguan aritu zen. Maya, bestalde, Gernikako Ross Dantza Taldekoekin Buesa Arenan eskainiko duten ikuskizuna prestatzen aritu zen.
Estilo desberdinak batuz. Konpositorearen hitzetan, ikuskizunak era guztietako musika estiloak batzen ditu. “Pieza batzuek musika klasikoaren kutsua daukate, beste batzuk sinfonikoagoak dira, pop eta rock estiloen arrastoak ere badaude”.
Astrako entseguak irailean Gasteizen egingo dutenaren erakusgarria izateko balioko duela uste du. Izan ere, proiektuaren berezitasunetako bat helmugan bakarrik oinarritu beharrean, ibilbideak duen garrantzia nabarmentzea da. “Eragina duen esperientzia bat, kooperatibismoaren narrazio bat sortzea da gure helburua”.
Mayak, bestalde, proiektua eratzerakoan egon diren plano desberdinak azpimarratu ditu. Koreografoak aipatu duenez, musika piezak sortu ostean dantzariak orain sortze prozesuan murgilduta daude bete-betean.
“Oso lagungarria izan zaigu konposizio guztia zortzi ataletan banatuta egotea. Atal bakoitzak bere zergatia, inspirazio iturria eta musika ditu. Gu horri mugimendua ezartzera gatoz, eta plazer bat da zer kontatu hori existitzen dela ikustea”.
Ikuskizunak hamasei dantzari batuko ditu. Hala ere, azken ikuskizunean une berezi eta “kooperatiboagoak” ere egongo direla azpimarratu du Mayak. Horietarako dantza talde desberdinekin elkarlanean aritu dira, horien artean aipatutako Ross Dantza Taldea. Guztira 200 bat dantzari egongo dira Velazquezen piezei bizitza ematen; jendearengana hurreratu gura dute kooperatibisimo horren aldarri bilakatuz.
Humanity at Music ikuskizunak Gasteizen amaituko du ibilbidea irailaren 14an.