Busturialdeko hamar odol emaile omendu dituzte
Ajangizko Maier kooperatibak 'Zilarrezko tanta' jaso du 33 urtez egindako ekarpena eskertuz.
Odol Emaileen Mundu Mailako Eguna da gaurkoa, eta Bizkaiko Odol Emaileen Elkarteak urteroko omenaldi ekitaldia egin zuen atzo, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan. 40-50 bider odola eman duten 217 bizkaitar omendu zituzten, eta tartean daude Busturialdeko hamar odol emaile (zortzi gernikar eta morgar eta bermeotar bana). Horiek guztiek diploma eta opari bana jaso zuten, euren ekarpenaren eskertzeko.
Omenduekin batera, Bizkaiko zein Gernikaldeko odol emaileen elkarteetako ordezkariak, familiartekoak, lagunak eta odola emoteko euren herrietako odol emoileen arduradunak ere egon ziren. “Ekitaldiaren bidez esker ona adierazi zitzaien odol emaile berezi horiei (ohorezkoak zein emoile handiei), era solidarioan eta anonimoan eurei esker gaixoak osasuna berreskuratu, gehiago edota hobeto bizi eta bizitza salbatu dutelako. Ekintza ederra eta denon mesederakoa da”, adierazi dute Odolkideak-Gernikaldeko Odol Emaileen Elkartearen ordezkariek.
Aipamen bereziak. Era berean, Urrezurizko edo Zilarrezko Tanta jaso zuten Bizkaiko hiru enpresak. Ajangizko Maier S. Coop kooratibak, 33 urtez lan orduetan odol emateko erraztasunak emateagatik jaso zuen saria. Kooperatibaren izenean Koldo Kortabitarte presidentea eta Fernando Astoreka langilea eta odol emailea egon ziren omenaldian. Astorekak nabarmendu duenez, enpresa bat bada ere, pertsonek egiten duten enpresa da eta pertsona moduan, inguruko hainbat ekintza zein ekimenetan parte hartzen dute. “Talde bat” direla azpimarratu du, eta askotariko gaietan ahal duten neurrian laguntzeko prest daudela.
Lantokian bertan odola eman ahal izatea langile askok eskertzen dutela dio, eta esaterako, azken hamabost urteotan 1.600 odol emate inguru egin dituzte. “Halako sariek beti pozten zaituzte; ondo egiten ari garela esan nahi duelako eta egiten jarraitzeko animatzen gaitu”, zehaztu du Astorekak.
Era berean, MCC sareko Elorrioko Eroskiri eta Zamudioko Matrici enpresari ere aipamen berezia egin zieten.