25. urteurrena ospatzeko prest daude Erroxape Emakumeen Elkartekoak
Bihar eta etzi 25 urtetako ibilbidean egindakoa gogoratu eta balioan jartzeko jarduerak egingo dituzte.
Erroxape Emakumeen Elkarteak 25 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko batuko dira asteburuan. Zehazki, biharko eta etzirako jardueraz betetako egitaraua prestatu dute Bermeoko emakumeen taldeko kideek.
Bihar arratsaldean emango diote hasiera ospakizunei. Udalerriko Santa Maria elizan batuko dira 20:00etan organo kontzertuaz gozatzeko. S. Mesenger Palanques organojoleak eskainiko du kontzertua. Mari Jose Lopez Erroxapeko presidenteak nabarmendu duenez, “organoen munduan izena duen musikaria da”, eta beraz arrakasta handiko egitasmoa izatea espero du.
Kontzertuaren ostean Emakunderen laguntzagaz eratu duten Emakumeen Kale Zinema zikloaren bigarren emanaldia egingo dute. Hala, 22:00etan Carceles bolleras dokumentala proiektatuko dute Bekoportalean. Cecilia Montagut argentinarraren ikus-entzunezkoak emakumeek kartzelan jasaten duten genero diskriminazioa jorratzen du. Dokumentalaren emanaldia amaitzerakoan Montagutek solasaldia eskainiko du, dokumentalean azaleratzen dituen gaien inguruan hitz egiteko.
Omenaldia Santa Eufemian. Zapatu eguerdian meza nagusia egingo dute Santa Eufemia elizan. Amaitzerakoan Erroxapeko 25 urteetako ibilbidean elkartean aritutako kideei omenaldia egingo diete. Horretarako Erroxapeko abesbatzak eta Erroxape Martxak parte hartuko dute, musikaz betetako omenaldia eginez.
Lopezek azaldu duenez, omenaldian elkartea abian jarri zuten kideei sariak emango dizkiete. “Saria eta omenaldia Erroxape osatzen duten guztientzako dira, baina elkartea hasi zuen lehenengo zuzendaritza batzordeari eskainiko diegu”. Gainera, orain 25 urte Bermeoko Udalean egondakoei ere eskerrak emateko aprobetxatuko dute. “Beraiek lagundu ziguten, zer egin, zelan egin eta nora joan behar ginen esanez”. Presidentearen berbetan, elkartea horiek eskainitako laguntzagatik bizi da gaur egun.
Omenaldia amaituta, elkarteko kideak festa giroan irtengo dira Bermeoko kaleetatik zehar. Trikitixak girotuta trikipoteoa egingo dute, kafe antzokira heldu arte. Bertan, ospakizunari amaiera emateko bazkaria egingo dute.
Bazkarira joan nahi duenak oraindik izena emateko aukera du. Horretarako Laboral Kutxaren 3035-0034-04-0340045334 kontuan 35 euro sartu beharko dituzte bazkideek, eta 40 euro bazkideak ez direnek.
Lopezek azaldu duenez, datozen egunetako ospakizunek ez dute 25. urteurrena ospatzeko egitaraua itxiko. Izan ere, irailetik aurrera urteari amaiera emateko jarduera gehiago egingo dituztela aurreratu du Erroxapeko presidenteak.