Foruko udako kirolen txapelketen izen ematea zabalik dago
Futbol, saskibaloi, rugby eta esku pilota txapelketak lehiatuko dituzte uztailean.
Foruko Udalak jakitera eman duenez, udalerriko udako kirolen txapelketetan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Modu horretara, ekainaren 22a baino lehen futboleko, saskibaloiko, esku pilotako eta, berritasun bezala, rugbyko txapelketetan izena eman ahalko dute interesatuek.
Lehiatuko den txapelketa bakoitzaren xehetasunak ere eman ditu udalak. Txapelketa bakoitza hiru kategoriatan banatuko dute: 10 eta 12 urte bitarteko haurrena, 13 eta 15 urte bitartekoa eta azkenik, 16 urtetik aurrerakoa.
Sariak ere zehaztu dituzte: talde irabazleak eta bigarren sailkatuak ordainsaria eta garaikurra eramango dituzte. Hirugarren sailkatuak, berriz, garaikurra bakarrik lortuko du. Gainera, kirol bakoitzean pitxitxi, hormabikoak eta bestelako sari bereziak ere egongo dira.
Txapelketen araudia. Futbol txapelketari dagokionez, talde bakoitza sei pertsonakoa izan beharko da; atezaina eta bost jokalari. Partiduak uztailaren 1etik 24ra bitartean jokatuko dituzte. Talde bakoitzak 20 euroko izen ematea ordaindu beharko du.
Saskibaloiaren kasuan, gutxienez bost eta gehienez zazpi pertsonako taldeak osatu beharko dituzte jokalariek. Partiduak, hala ere, talde bakoitzeko hiru jokalarirekin jokatuko dira. Talde bakoitzak 20 euroko izen ematea ordaindu beharko du.
Pilota txapelketa, bestalde, binakakoa izango da, eta bikote bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu. Partiduak uztailaren 22tik 26ra jokatuko dituzte.
Azkenik, lehenengo biderrez jokatuko duten rugby tag txapelketa dago. Taldeak gehienez hamar pertsonakoak izango dira: zazpi zelai jokoan eta hiru erreserba, eta talde bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu.
Rugby tag modalitatea izanik kontakturik gabeko jokoak izango dira, eta horretarako jokalariek gerrikoak eraman beharko dituzte plakaketak ordezkatzeko. Azken txapelketa hori uztailaren 1etik aurrera lehiatuko dela adierazi dute.
Interesatuek txapelketa bakoitzaren araudia eskuragai dute antolatzaileek txapelketentzako prestatu duten webgunean. Izena emateko J. M. Torrealdai kultur etxean bertan, 94 625 45 74 eta 688 866 889 telefonoetara deituta edota liburutegi.forua@bizkaia.org helbide elektronikora idatzi beharko da.