Ekainaren 17an akordiorik lortu ezean, grebekin jarraituko dute metalgintzako langileek
Hurrengo astelehenean, berriz, patronalagaz batuko dira, eta batzar horretan aurrera pausorik eman ezean, grebekin jarraitukola adierazi dute; ekainaren 20 eta 21ean burutuko dituzte hurrengoak.
Bizkaiko metalgintzako langileek behar dituzten lan baldintzak “duinak” eskuratzeko grebak iragarri zituzten sindikatuek, eta hitza bete dute. Maiatzaren 23an egin zuten lehengo lanuztea, eta joan den astean grebekin jarraitu zuten. Hurrengo astelehenean, berriz, patronalagaz batuko dira, eta batzar horretan aurrera pausorik eman ezean, grebekin jarraituko dutela adierazi dute; ekainaren 20 eta 21ean burutuko dituzte hurrengoak.
Bizkaiko hitzarmen garrantzitsuena da metalgintza sektorekoa, eta Lea-Artibai eta Busturialdean 3.000 pertsona ingururi zuzenean eragiten die. “2003. urtean adostutako hitzarmenak eskualdeotako 3.000 pertsona ingururi eragiten die zuzenean. Hala ere, zeharka, gehiago dira kaltetuak”, azaldu dute LABeko ordezkariek.
Sektorean gaurkotutako hitzarmen “duin” bat lortzeko, eta langileen “lan eta bizi baldintza duinak” bermatzeko borrokan jarraituko dutela diote: “Gure eskaerak azken batzarrean zehaztutako berdinak izango dira astelehenean”. Egoera konpontzeko aukera, baina, patronalaren eskuetan dagoela uste dute; hala ere, ez dakite zeintzuk izango diren patronalaren proposamenak: “Badakigu patronalak aurrera joateko urrats batzuk emango dituela. Eman behar dituela uste dugu, baina ez dakigu zelakoak izango diren pauso horiek, ez eta noiz emango dituen ere”. Hala, sindikatuak eta patronala elkar ulertzera “kondenatuta” daudela diote LABekoek, “hitzarmena lortu arte borrokan jarraituko dutelako”.
Ez dakite zer gertatuko den astelehenean, baina ez direla adostasunera iritsiko uste dute. Hori horrela, ekainaren 20 eta 21erako aurrez planteatu dituzten grebetan parte hartzera gonbidatu dituzte metaleko enpresa guztietako langileak. “Orain arte parte hartu ez duten langileei grebetan parte hartzeko eskatzen diegu, denentzako hitzarmenen oinarriak finkatu gura ditugulako”, azaldu dute. Izan ere, herrialdeko hitzarmen duin bat lortu ezean, herrietako enpresen eta langileen arteko hitzarmenak kolokan egongo dira.
Greben balorazio positiboa. Metalgintza sektoreko greben jarraipena Lea-Artibai eta Busturialdean “oso positiboa” izan dela ondorioztatu dute sindikatuetako arduradunek. “Greben eragina nabaritu da bi eskualdetako industrietan”, diote LAB sindikatuko ordezkariek. Lea-Artibain %80koa izan da langileen jarraipena, eta Busturialdean, berriz, %60koa. Hala ere, lehen hiru greba egunek jarraipen “hobea” eduki zutela diote, Lea-Artibaiko langileen greba erantzuna ia-ia %100 izan zelako; Busturialdean, %70eko babesa eduki zuen.
Orohar, grebak erantzun ona eduki dutela diote, baina ahulgune batzuk badaudela ikusi dute sindikatuek; batez ere, Busturialdean nabaritu dira ahulguneak. Horregatik, hurrengo grebetan parte hartzera gonbidatu dituzte besteren artean, Metaltermicako langileak. Grebek ahulguneak azaleratu dituzten moduan, indarguneak zeintzuk diren ere erakutsi dutela diote. Hala, Nemac, Wartsila edota Talleres de Gernikako langileen jarraipena oso-oso ona izan zela aitortu dute. “Jarraitu dezatela erantzun hori ematen”, diote.
Halaber, grebek ezadostasunak eragin dituzte sindikatu eta patronalaren artean. Grebak langileen piketei esker burutu direla dio patronalak, baina hori ez dela horrela izan adierazi dute sindikatuek. Egoera bestelakoa dela salatu dute LABekoek: “Patronala da piketeak erabiltzen dituena. Denok ordaintzen dugun Ertzaintza dabil pikete informatiboen aurka egiteko”. Hala, zenbait lekutan, “informazioa ematen” ibili diren zenbait langile idenfitikatu dituztela aitortu dute, eta identifikazio horrek langileak epaitegietara eraman ditzakeela gogorarazi dute: “Patronalak errepresioaren eta intimidazioaren bidea jarrituko duela uste dugu”.
Horrez gain, grebekiko patronalak hartu duen jarrera legez kontrakoa izan dela salatu dute; izan ere, sindikatukoen berbetan, enpresek ezin dituzte aldi baterako kontratuak egin greban dagoen langilearen lekua ordezkatzeko: “Patronalari argi esan gura diogu, eurak direla legez kontra joan direnak. Izan ere, langile batek greba egitea erabakitzen badu, ezin da horren lana beste pertsona batekin ordezkatu. Eta zenbait enpresetan hori egiten ari direla badakigu”.
Sindikatuen batasuna. 25 urtetan Bizkaiko metalgintza sektorean lortu ez den batasun sindikala eskuratu dute oraingoan. Izan ere, ordezkariak dituzten eta ez dituzten sindikatuak bat datoz hitzarmen berriko eskaera eta greba deialdiekin.
Hala, sindikatuen arteko batasuna “oso indartsua” izaten ari dela aitortu dute: “Zorionez, bat egitea lortu genuen, eta elkarlan aktiboa izaten ari da. Hori zaindu behar dugu”. Hala, hitzarmena berritu arte, “batera” egongo dira, eta patronalak denak “aurrez aurre” edukiko ditu. “Behin bateratuta, aurrera joango gara hitzarmena eskuratu arte. Danok batera joango gara. Edozein eskaintza egon arren, sindikatu guztien artean aztertuko dugu, eta batasuna mantentzen saiatuko gara, beti”, azaldu dute LABeko ordezkariek.