Danona Donea jaialdia aurkezteko batuko dira bihar Mundakan
Uztailaren 13an Santa Katalinan egingo duten jaialdi autogestionatua bigarren urtez ospatuko dute.
Mundakako Danona Donea herri plataformak izen bereko jaialdiaren aurkezpena egingo du bihar. Mundakako liburutegian batuko dira 19:00etan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “jai berritzaile, hezitzaile, sinple, betegarri, ekologiko, artistiko, elkartasunezkoa eta autoeratua” eratzeko asmoa dute. Horretarako, hala ere, uztailaren 13an Santa Katalinako baselizara hurreratzen direnen partaidetza ezinbestekoa izango dute.
Norbere modura. Jaialdi alternatibo eta autogestionatuak zulo irekia motako eredua jarraitzen du, hau da, egitasmoak “agenda zuria” edukiko du hasiera batean. Parte hartzaileek egindako proposamenekin eguneko egitaraua transformatzen eta osatzen joango dira dantza, musika, antzerkia, olerkia edota irakurketa bezalako esparruak batzeko.
Jaialdiak 12:00etatik hasita 20:00etara arteko ordutegia edukiko duela aurreratu dute. “Bakoitzak, gura duen modura, norbere ekarpenak proposatuz, zein inorenak gozatu hutsez ederra izan daitekeen” jaialdia osatzeko gogoa dute Danona Doneakoek.
Horregatik, herritarrei bihar egingo dute aurkezpenera hurreratzeko gonbita egin diete, jaialdia nolakoa izango den eta nola parte hartu daitekeen ezagutzeko.