Busturialdeko txistulariak 2. Txistu Eguna ospatzeko batuko dira Foruan
Domekan eskualdeko 50 bat txistulari batuko dira Forua musikaz betetzeko.
Bigarren urtez, Busturialdeko txistulariak batzeko balio duen ekimen berezia ospatuko dute. Egitasmoak eskualdeko txistulari eta taldeen arteko harremanak landu eta beraien lana ezagutzera emateko balioko du. Iaz Bermeon bildu ostean, oraingoan Foruan egitea erabaki dute.
Hala izanik, Busturialdeko 2. Txistu Egunak Bermeoko, Mundakako, Gernika-Lumoko eta Busturiko txistulariak Forun batuko ditu, udalerriko txistulariekin batera. Antolatzaileek azaldu dutenez, 50 bat txistulari batzea espero dute.
Ospakizunari 11:00etan emango diote hasiera. Landaberde tabernako aparkalekuan bilduko dira txistulariak, eta hortik forurantzako bidea hartuko dute, ibilbidea beraien txistuen eta danbolinen doinuekin girotuko duten bitartean. Udalerrira heltzerakoan hamaiketakoa egingo dute musikariek, eta ostean forutik kalejira egingo dute, herriko kaleak musikagaz alaitzeko asmoz.
Dantzariak omenduz. Kalejiran ari direla Egun da Santimamiña, Pozik gatoz, Basatxoritxu eta Gorbeako gurutzea bezalako partiturak joko dituzte. Gainera, txistularien ekitaldiak Urdaibai Dantza Taldeak bere 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiagaz bat egingo du. Era horretara, dantzariak omentzeko prestatutako Urdaibai izeneko abestia ere joko dute.
Musika eta dantzak amaituta, 15:00ean berriz joango dira Landaberde tabernara, bertan bazkaria egiteko. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, parte hartzeko interesa duten txistulariek oraindik izena emateko aukera dute. Horretarako, edo informazioa eskuratzeko, 644 21 59 31 telefono zenbakira deitu beharko dute.