Hamargarren urtez, Magurios jaialdiak Bermeo motorzaleen topagune bihurtuko du
Ekainaren 14an, 15ean eta 16an motorren kontzentrazioak adin guztientzako jarduerak bilduko ditu.
Bermeotarren artean jada tradizio bilakatu den Magurios Kontzentrazioa motorrak berotzen hasi da beste urte batez. Hain zuzen ere, jaialdia ospatuko duten hamargarren urtea izango da aurtengoa, eta hori ospatzeko programa berezi eta erakargarria sortu dute Izaro Bikers Bermeo taldeko antolatzaileek.
Emilio Hormaetxebarriak eta Zigor Sasiainek, Izaro Bikers Bermeo taldeko presidentea eta ordezkaria, hurrenez hurren aurkeztu dute gaur goizean 10. Magurios Aingeru Astui Bermeoko jarduneko Kultura zinegotziagaz batera. Azaldu dutenez, aurtengo jaialdia kanposantu aurreko zelaian izango da.
Izaro Bikerseko motorzaleen helburua “Magurios Bizkaiko motorren kontzentrazio garrantzitsuenetariko bat bezala finkatzea” dela azaldu du Hormaetxebarriak. Horrela, leku askotako motorzaleak Bermeora erakartzeko “ilusioa” dutela adierazi du.
Guztientzako jaialdia. Hori lortzeko egitarau zabala prestatu dute. Hala ere, aldarrikatu dutenez jaialdia ez dago soilik motorzaleei zuzenduta. “Motorren jaia denona da, txiki, gazte zein nagusientzat”, adierazi du presidenteak.
Horregatik, motorzaleekin Urdaibaitik egingo dituzten motorren irteerekin batera Emilio Zamora stuntman famatua izango dute zapatuan zein domekan ikuskizunak eskaintzen. Antolatzaileen berbetan, “gaur egunean dagoen stuntmanik hoberena, eta errekor guinness bi dituen bakarra”. Gainera, Bermeotik bisita gidatuak egingo dituzte kanpotik datozen pertsonei “herriko altxorrak erakusteko asmoz”.
Zapatu gauean, bestalde, Mojinos Escozios taldearen kontzertua ikusteko aukera egongo da, Haxotz taldearen eta DJ Oihan Vegaren ikuskizunekin batera.
Emanaldi horiek ikustea doakoa izango dela nabarmendu dute Izaro Bikersekoek. Bestalde, motorren ibilbideetan parte hartu edota bestelako jarduerak egin nahi dituztenek 20 euroko izen ematea ordaindu beharko dute asteburu osorako, 12 euro egun bakarrerako.
Izena ematen dutenek barikuan ongi etorriko berakatz sopa jasoko dute, baita zapatu eta domekako bazkari eta afarietarako sarrera ere. Gainera kanpaldi gunea, dutxa zerbitzua, zozketak eta motoentzako zaindutako aparkalekua edukiko dute.
Antolatzaileek herritar guztiei Magurios Motorren Kontzentraziora hurreratzeko gonbita luzatu diete, “Bermeon motorren munduagaz, kontzertuekin, eta giro izugarrian gozatzeko aukera paregabea” egongo delako. “Itsas munduak, motor munduak eta bisitatzera etorri nahi duten guztiek asteburu honetan Bermeon bat egitea eta gozatzea nahi dugu”.
Egitaraua:
Ekainak 14:
- 20:30. Txosna eta kanpaldi gunearen irekiera. Motorzaleei berakatz sopa eskainiko diete.
Ekainak 15:
- 10:00. Izen ematearen irekiera.
- 11:30-13:30. Motorren irteera Urdaibaitik.
- 14:30. Bazkaria.
- 18:30. Emilio Zamora stuntman-aren ikuskizuna.
- 21:00 Afaria.
- 21:30. Kontzertuak: Haxotz eta Mojinos Escozios.
- Ostean, DJ Oihan Vega.
Ekainak 16:
- 08:00-09:30. Dutxatzeko aukera egongo da.
- 10:00. Izen ematearen irekiera.
- 11:00-12:30. Motorren irteera.
- 13:30. Emilio Zamora stuntman-aren ikuskizuna.
- 14:30. Bazkaria eta zozketak.