Hamargarren Muxikeko Gazte Egune ere, borobila
Muxikarrak eta inguruetako bizilagunak hamargarren gazte eguna ospatzeko batu ziren San Roman auzoan zapatuan. Egunez zein gauez giro ederra nagusitu zen.
Beste urte batez egun osoko jai giro ederrean ospatu dute Muxikeko Gazte Egune. Hamargarrena izan da aurtengoa, eta batik bat iluntzetik aurrera gaztez bete ziren San Roman auzoko ermitaren inguruak, zapatuan. Udalerriko zein inguruko herritarrek ez zuten hutsik egin gura izan.
Bultz, MacOnak eta Madmuasel taldeek, eta Altxa Porru erromeriak musikatu zuten gaua.
Egunez, berriz, paellak prestatu eta herri bazkarian batu ziren ume, gazte zein helduak. Arratsaldean zirko tailerra izan zuten umeentzat, eta kuadrillen arteko olinpiadak ume, gazte zein helduentzat. Bigarrenez, gazta jaurtiketaren lehia ere egin zuten zelaian, eta pernillaren pisua asmatzeko lehiaketa ere egin zuten. Halaber, aurten ere dantzek eta bertsoak bere lekua izan dute gazte egunean. Baso Txoritxu dantza taldeko umeek eguerdian eskaini zuten emanaldia, eta Lilibertsoko kideek iluntzean egin zuten saioa, ermita barruan.