Superwelter pisuko WBC Latino gerrikoa eskuratu du Kerman Lejarragak
Boxeolari morgatarrak Luis Solis mexikarra menderatu zuen zapatuan KOz, Miribillan. Davis Avanesyan errusiarrak eman zion garaikurra eta Europako tituluaren errebantxa egingo dutela aurreratu zuen.
Kerman Lejarraga Morgako errebolberra bueltan da. Davis Avanesyan boxeolari errusiarraren aurka Welter pisuko Europako titulua galdu osteko lehen garaipena eskuratu zuen zapatuan [ekainak 8], Miribillan. Martxoaren 30ean bere ibilbideko porrot bakarra jaso eta bi hilabetera, Lejarragak Luis Solis mexikarra menderatu zuen.
Lehen borrokaldia oso parekatuta egon zen, ez zen bietako bat ere nabarmendu. Bigarrenera ordea, Solis indartsu atera zen, eta Lejarrak ezusteko txiki bat ere izan zuen. Aurkariaren kolpe batek zauri bat ireki zion buruan, hala ere, ondorio larririk gabe jarraitu zuen ekinean. Lejarraga tente mantendu zen uneoro eta pixkanaka- pixkanaka bizkaitarraren alde hasi zen lehia desorekatzen.
Morgako boxeolariak bikain kolpatu zuen mexikarra hirugarren borrokaldian: aupegian emandako etengabeko kolpeek odoletan utzi zuten Solis, sudurra handituta. Bi boxeolarien aurpegiak odolez blai bazeuden ere, laugarren borrokaldian lehia erabakita utzi zuen morgatarrak. Borrokaldia bukatzear zela epaileak neurketa gelditu zuen, Lejarragari KO bidezko garaipena emanez, beste behin. Izan ere 23 ditu modu honetan jada. Morgako errebolberraren 28. garaipenak sari berezi bat ere bazekarren opari: Superwelter pisuko WBC Latino gerrikoa eskuratu zuen.
Zapatuan Miribillara itzuli zen bakarra ez zen izan Lejarraga. Izan ere, bertaratu ziren ikusleen artean gonbidatu berezi bat ere egon zen: Avanesyan. Hain zuzen ere, beraren aurka jaso du Lejarragak bere ibilbide profesionaleko porrot bakarra, eta berak jarri zion Superwelter pisuko WBC Latino gerrikoa morgatarrari. Gainera, Europako Welter pisuko titulua berreskuratzeko errebantxako borroka egingo dutela aurreratu zuen errusiarrak; aurten izatea espero dute, Bilbon bertan.
Luma pisuko txapelketa. Lejarragaren eta Solisen arteko borrokaren aurretik, ordea, Andoni Gago bilbotarrak Jesus Sanchez madrildarra izan zuen aurrez aurre Luma pisuko txapelketan. 34 urteko bilbotarra Europako txapeldun bilakatu zen puntuka irabazi ostean (115-114/115-113/112-116). Borrokaldi oso gogor eta orekatuak izan ziren, eta epaileek ere zail izan zuten erabakia hartzea. Azkenean, baina, Otxarkoagako boxeolariaren jarraikortasuna eta ekimena saritu zuten.