Ongietorri beroa jaso du Pello Bilbaok
Pello Bilbao txirrindulari gernikarrari harrera beroa egin diote lagun eta herritarrek gaur eguerdian Merkurion. Giroan lortutako bi etapa garaipenak gogoratu, eta aurreskua dantzatu eta bertsoa kantatu dizkiote.
Egindako lanari eta lortutakoari, txalo. Hala, txalo zaparradagaz eman diote ondo etorria Pello Bilbao txirrindulari gernikarrari lagun eta herritarrek. Irabazitako bi etapa garaipenei duten garrantzia eman, eta bizikleten gurpilak eskuan hartuta harrera beroa egin diote eguerdian Merkurion.
Iazko Giroan lortutakoa gainditu, eta bi etapa garaipen eskuratuta iritsi da udalerrira Bilbao. Erregulartasuna izan zen bere ezaugarri nagusia iazkoan, baina aurten, markak hautsi eta salto ikaragarria eman du bere hirugarren Giroan –Astanak hiru etapa garaipen lortu ditu, eta bi bereak dira–. L´Aquilan lortu zuen lehena, eta Dolomitetan, berriz bigarrena.
Azken garaipen horren irratiko narrazioa bozgorailuetatik entzun du gaur gernikarrak, eta aurreskua dantzatu diote gero. Lagunek, gainera, Bilbaoren lorpenak kontatzen zituen bertsoa abestu diote. Horretan, uztailean Tourrera doala gogoratu, eta lagunen bultzada beti edukiko duela aitortu diote.
Une hunkigarria izan da, horrela dioen bertsoa abestu diotenean:
Barriro egin dozu, Pello,
bi etapa, ze pasada!
Lehenengoan izan zinen
L´Aquilako lurrikara.
Dolomitetan, Avenan,
oilar arteko patxada;
Geuk be harro esaten gendun:
“Hori gure laguna da!”
Astanak ondo ulertu dau:
Tourrera joango zara;
Bruselatik Parisera
pedalkadaz pedalkada.
Han be ez zara izkuteko,
igual txapana atara…
ta ez badozu irabazten be,
hementxe egongo gara.