Giro ezin hobea egon da Ereñoko Baserritarren Egunean
Jai giroa ez da falta izan Ereñoko Baserritarren Egunean gaur. Herriko eta eskualdeko produktuak izan dira protagonistak.
Baserritarrez jantzita atera dira kalera ereñarrak. Baserritarren Eguna ospatu dute gaur, eta elizaren ingurua musika eta jendez bete dute herriko zein inguruetako bizilagunek; sekulako giroa sortu dute elizpean.
Zer jan eta zer edan ez da falta izan Baserritarren egunean. 11:00k inguruan, herriko produktuen dastaketagaz hasi dute eguna. Era berean, artisau produktuak ikusteko eta erosteko aukera ere eduki dute bertaratu direnek.
12:00etan, berriz, txakolina probatu dute, gaztagaz lagunduta. Inguruko upategien eskutik egin dute dastaketa, eta bertan egon dira, besteren artean, Arratzuko Mintxisko eta Gautegiz Arteagako Pipiren txakolinak. Ereñoko andrak, berriz, taloak txorizoagaz prestatzen ibili dira.
Jai giroa. Eingo Dantzan eta Kantan taldeko musikariak izan dira Ereño musikaz betetzeaz arduratu direnak. Eguerdi partean, berriz, Kabelinatxe dantza taldeko umeek hartu diete lekukoa, eta euren saioa egin dute. Hala, doinu eta musikaz bete dute egun handia.