"Hurrengo helburua Tourra da; gogo izugarria dut debutatzeko"
Iazko Italiako Giroan seigarren sailkatu zen Pello Bilbao txirrindulari gernikarra. Aurten, berriz, lehenengoz, bi garaipen lortu ditu hiru asteko itzuli handi batean
Zure hirugarren Italiako Giroan bi etapa garaipen lortu dituzu. Egindakoagaz gustura geratu zara? Oso gustura. Halakorik ez nuen espero. Miguel Angel Lopezegaz sailkapen nagusian podiuma edota, zergatik ez, maglia rossa-n pentsatzen joan ginen, eta azkenean, etapa garaipenerako aukera batzuk irten zitzaizkidan. Errematatzeko, bi izan eta biak aprobetxatu ditut. Nire partetik, Giroa ederto joan da, borobila izan da. Hala ere, sailkapen orokorrari begira, espero genuena baino gutxiago lortu dugu.
Zer sentitu zenuen helmugaratzen lehena zinela ikustean?
Lehenengo etapa garaipenean barruko amorru guztia kanpora atera nuela sentitu nuen. Denbora luzez itxaroten egon naizen garaipena izan da. Etapako azken kilometroetan, tentsioa gordeta izan nuen lehen garaipenaren egunean, ezin nuen azaleratu. Izan ere, talde estrategian eta erabaki zuzenena hartzean pentsatzea zegokidan. Baina etapa garaipena lortu nuela ikustean, nire helburu pertsonala bete nuela konturatu nintzenean, amorru handiz atera nuen hainbeste urtean gordeta izan dudan tentsioa.
Bi garaipenek antzekotasunak eduki dituzte, baina zuretzat desberdinak izan al dira?
Bigarren garaipena ezberdina izan zen. Egun osoan ihesaldian egon ostean, indarrak bidean utzita nituen, eta oso zaila ikusten nuen irabaztea. Hala ere, ez nuen behin ere amore eman, eta aurretiaz etapa garaipen bat banuela jakinda, lasaiago jokatu nuen, odol hotzez. Sari bat izan zen niretzat sailkapen orokorra lehiatzen ari ziren izen handi horien guztien aurretik heltzea helmugara. Gainera, Giroko etaparik politena izan zen. Suertatu zen Gernikako lagun batzuk ere bertan egon zirela, eta horrek izugarrizko zoriontasuna eman zidan. Oso berezia izan zen azken kilometroetan euren aurpegiak ikustea, ni animatzen ikustea, eta horrek indarrak eman zizkidan. Bestalde, pena da gurasoak eta familia egun horretan egon ez izana. Aurreko etapetara gerturatu ziren, baina ezin izan zuten bigarren garaipen handi hori bertan ospatu.
“Amorru handiz atera nuen hainbeste urtean gordeta eduki dudan tentsioa”
Iazko Giroan erregular mantendu zinen; seigarren hasi eta seigarren amaitu zenuen. Aurten erregulartasun hori falta izan zaizu sailkapenean gorago amaitzeko? Zertan huts egin duzula sentitu duzu? Zer falta izan zaizu?
Duela bi urte estreinatu nintzen Giroan emaitza aipagarririk barik. Iaz, bestalde, lasterketan erregulartasuna mantentzeko gai nintzela erakutsi nuen; aurten falta izan zaidana. Beharbada, buruan ere ez nuelako sailkapen orokorra lehiatzea edo… Izan ere, Lopezegaz helburu oso argia izan genuen Giroan hasiera-hasieratik. Eta horrek sailkapen orokorrean postu on bat lortzeko edota aukerak bilatzeko motibazioa pixka bat kendu zidan. Bestalde, alergiak direla eta, lehenengo etapa irabazi osteko egunean minutu asko galdu nituen, eta beste helburu batzuetan murgildu behar izan nintzen. Ikusita Giroa nola hasi eta bukatu nuen, sentsazio on horiek hiru asteetan iraun izan balute, pentsa non egongo nintzakeen. Baina lortutako bi etapa garaipenekin oso gustura nago, eta badakit sailkapen orokorra lehiatzen egon izan banintz, zailagoa izango nukeela garaipen horiek lortzea.
Zer da zuretzat garrantzitsuagoa, Giroa lehen hamarren artean amaitzea ala bi etapa garaipen hauek lortzea?
Zaila da alderaketa bat egitea, uste dut bata zein bestea garrantzitsuak direla. Iaz oso pozik bueltatu nintzen, eta badakit seigarren egiteak ez duela horrenbesteko oihartzunik, askok ez dutela baloratzen emaitza hori. Baina txirrindulariok, nik neuk, etapa garaipen bat baino gehiago baloratzen dugu hiru asteko itzuli handi batean erregular mantendu eta aurrean egoteko gai izatea, egun batean ere hutsik egin barik. Oso garrantzitsua izan zen niretzat, ez bainuen uste inoiz gai izango nintzenik. Seigarren postu bat oso urrun ikusten nuen lasterketa handi batean. Helburu hori lortzea sinestezina egiten zitzaidan. Bai, ordea, etapa bat irabaztea, eta horren atzetik ibili naiz gogotsu saria lortu dudan arte. Ikusgarritasun handiagoa dauka helmugara heltzean besoak altxatzeak. Hala ere, bi lorpenak pozgarriak dira. Biak izan dira garrantzitsuak, eta biak ospatu ditut.
“Errematatzeko, bi izan eta aprobetxatu egin ditut; Giroa borobila izan da”
Astanak hiru etapa garaipen lortu ditu, eta bi zureak izan dira. Berez, Miguel Angel Lopez zen talde burua, eta harentzat lan egitera joan zara. Zure lanak, baina, saria eduki du. Oro har, zelan ikusi duzu taldea?
Uste dut momentu guztietan aurpegia eman dugula. Espero genuen talde lan gehiago egin beharko genuela, eta hasieratik sailkapen orokorrean aurrerago egongo ginela. Baina arazo batzuk tarteko, Lopezek denbora galdu zuen lehen astean, eta atzetik aurrera joan behar izan gara Giroan. Taldeak espero genuena baino ardura gutxiago hartu behar izan du, baina momentu askotan lasterketa gogortzea edo arriskatzea egokitu zaigunean, gu hor egon gara azkenera arte saiatzen. Taldekideak beti alboan izan ditu Lopezek. Bestalde, Movistar taldea gure gainetik egon dela uste dut, baina bloke moduan, beraien atzetik indartsuenak gu izan gara.
Azken egunean ere bikain borobildu zenuen lasterketa; erlojupekoan zazpigarren sailkatu zinen. Erlojupekoetan ere aurrerapausoak ematen zoazela sentitu duzu?
Giro honetatik atera dezakedan beste emaitza positibo bat da. Hiru erlojupeko egon dira aurtengo lasterketan, eta lehenengoan lortu nuen posturik txarrena, 11.a izan nintzen, pentsa. Lan asko dago atzean, eta ez nire partetik bakarrik; gure taldeko Ivan Velasco ingeniariaren partetik, babesleen partetik, bizikleta lehiakor bat eraiki duen enpresaren partetik… Gaur egun erlojupeko saioek garrantzi izugarria daukate, eta bertan ondo ibiltzeak asko baldintzatzen du itzuli handi batean txirrindulariek lor dezaketen azken emaitza.
“Talde indartsua eramango dugu Tourrera; presiorik barik joango naiz”
Indartsu eta sasoitsu zaudela erakutsi duzu hiru asteetan, eta domekako zazpigarren postua ere bada horren adibide. Zein da hurrengo erronka?
Ez daukat denbora askorik atseden hartzeko, izan ere, datorren astean lanean hasi beharko naiz berriz. Aste hau aprobetxatuko dut arnasa hartzeko. Hurrengo helburua Frantziako Tourra izango da, lehenengo aldiz joango naiz Frantziako lasterketara, eta gogo izugarria daukat debuta egiteko. Presiorik barik joango naiz. Talde indartsua eramango dugu, eta mendiko etapetan laguntzeko sartu naute, Fuglsangen alboan egoteko. Astanak nigan konfiantza dauka.