Badator X. Muxikeko Gazte Egune
Muxikako hamargarren gazte egunak jai giroz beteko du San Roman, bihar. Antolatzaileek urteetan egindako lana baloratzeko aprobetxatuko dute hain "berezia" den eguna.
Hamar urte beteko ditu zapatuan Muxikeko Gazte Egunek. Herritarrak batzeko asmoz bultzatu zuten jai eguna orain dela hamar urte, eta orain, eskualdeko herritarren egutegietan gorriz borobildutako jai eguna da. Azken ukituak besterik ez dira falta biharko, eta antolatzaileak gogotsu daude.
17 urtegaz hasi ziren gazte eguna antolatzen Erdu Muxikeko Gaztiek taldeko kideak. Egunagaz batera eurak ere hazi egin dira, eta elkarrekin urte luzez gogoratzeko momentuak bizi izan dituzte: “Urte hauek gure bizitzetako lezioa izan dira. Elkarregaz egin gara nagusi; hasi ginenean 17 urte genituen, eta orain, gure bizitzak asko aldatu dira. Hala ere, elkarregaz jarraitzen dugu. Gauza piloa ikasi eta momentu oso on asko bizi izan ditugu”.
Zerotik hasi ziren gazte eguna bultzatzen. Ez zuten inolako erreferentziarik, eta ekinaren ekinez hamargarrena egingo dute. Urtez urte gainditu egin dira, eta aurten ere San Roman jendez beteko dute goizetik goizaldera arte. “Antzina San Roman eguna abuztuan ospatzen zuten, eta sekulako jaia izaten zen. Baina galtzen joan zen”, diote. Hala, San Roman berriz girotzeko asmoz hasi ziren gazte eguna antolatzen.
Lehenengoa “mimoagaz” gogoratzen dute, jende gutxikoa eta euritsua izan zen arren. “Hasieran, normala den moduan, jendearengana iristea kostatzen zitzaigun, baina ordutik, urtero-urtero lan askogaz lortu dugu jende gehiagorengana iristea”, aitortu dute arduradunek.
Egun osoan, jai. 10:00etan hasiko da ume, gazte eta nagusientzako eguna. “Muxika oso handia da, herri zabala da, eta auzo bakoitzak bere jaiak ditu. Nahikoa sakabanatuta bizi gara, eta gazte eguna herriko biztanle guztiak batzeko aukera aproposa zela ikusi genuen”.
Hala, goizetik, musikak girotuko du San Roman, eta paella usaina hartuko du zelaiak. Umeen dantzekin dantzan jarriko dituzte gerturatzen direnak, eta barre algarak botatzeko aukera bikaina edukiko dute gazte olinpiadetan. Kontzertuek girotuko dute gaua; Bultz, McOnak, Madmuasel eta Altxa Porru erromeria ariko dira.
Duela hamar urte hasitakoagaz jarraitzeko, herritarrak eta inguruko biztanleak gazte egunean parte hartzera deitu dituzte, “egun guztian sekulako giroa egoten delako”.
Gazte eguna antolatzeagaz batera sortu zuten Erdu Muxikeko Gaztiek taldea, eta ordutik hamaika dira urtean herrian eta herritarrentzako antolatzen dituzten ekimenak. Kuttunenetarikoa da gazte eguna, hortik baitator taldearen sorrera. “Urtero taldeak egiten dituen ekintzak azpimarratuko nituzke. Baina egia da gazte egunagaz hasi zela guztia”.
Egindako lanagaz harro daude, eta urte horietan guztietan egindakoa ospatuko dute zapatuan. Elkartzeko eta ospatzeko eguna izateaz gain, eskerrak emateko eguna izango da: “Oso babestuta sentitu gara herriko jendeagaz, askok lagundu digute, eta eskerrak emateko eguna izango da”.
Erreleboa. Hurrengo urteetarako erronka nagusiena herriko gaztetxoei lekukoa pasatzea dela aitortu dute: “Erreleboa pasatu gura dugu, eta horretarako gaztetxoak animatu behar ditugu antolaketa lanak egitera. 10 urte daramatzagu, eta oraindik zenbait urte geratzen zaizkigu, baina interesgarria izango litzateke erreleboa emango diegun gazte horiek gurekin lanean hastera animatzea”. Izan ere, bidea irekita daukate.
EGITARAUA:
– 10:00. Hasierako txupina.
– 11:00. Paella txapelketarako izen ematea.
– 13:00. Baso-Txoritxu dantza taldearen ikuskizuna.
– 14:00. Paellen aurkezpena.
– 14:30. Bazkaria.
– 17:00. Paella txapelketako sari banaketa.
– 17:30-19:30. Zirku tailerra Txitatokiren eskutik (ume zein nagusientzat)
– 17:30. Kuadrillen arteko olinpiadak.
– 19:00. Bertso saioa ermitan.
– 20:00-22:00. Happy hour.
– 20:30. Kontzertuak. Bultz, McOnak, Madmuasel eta Altxa Porru erromeria. Gero, TPR & Kool Things djak.