'Haizeak dakarren dantzak' kontzertu bereziak Bermeoko Artza frontoia girotuko du
Kontzertua Kankinkabara Txistu Taldeak eskainiko du etzi, Alkartasuna dantza taldearen eta TTakuntxo txalapartari taldearen parte hartzeagaz.
Kankinkabara txistu taldeko hamabi partaideek kontzertu berezia eskainiko dute zapatuan. Txistuak, silboteak, alboka, shruti box, txirula, bonbetea, atabala, eskusoinua, eta perkusiozko instrumentu txikiak erabilita, Haizek dakarren dantzak ikuskizunari bizia emango diote.
Beraiekin batera Alkartasuna dantza taldea eta TTakuntxo txalapartari taldea egongo dira, soinu eta dantzaz osatutako ikuskizun ederra eskaintzeko prest. Izan ere, kontzertu bereziko errepertorio osoa dantza doinuez osatu dute Kankinkabarakoek.
Errepertorio zabala. Horien artean Gipuzkoako dantzen popurria, Baztaneko zortzikoa, Busturialdeko jota eta arin-ariña edota Uztarrotzeko soka dantza dantzatuko dituzte Alkartasunako dantzariek zapatuan. Doinu berriak ere entzun ahal izango dira kontzertuan. Izan ere, Kankinkabarako Jon Ibarrak Zarautzeko Zesteronekua taldeari idatzitako Jauzi dantzaren estreinua egingo du ekitaldian.
1912ko abuztuaren 12an izandako galernan itsasoan hil ziren marinelak gogoratuko dituzte kontzertuan. Hala, Thyerry Biscayren musika eta Uxue Alberdi idazlearen letragaz sortutako 100 alargunen dantza kantua joko dute.
Ikuskizun bereziak ordubete azpiko iraupena izango duela aurreratu dute antolatzaileek. Artza frontoian jarri dute hitzordua zapatuan, 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Bermeoko Udalak herritar guztiei gonbita egin die frontoira hurreratzeko, “musikagaz eta dantzagaz gozatzeko aukera paregabea” eskainiko duela ziurtatuz.