Erroxaperen kale zinema zikloa emakumeek egindako lana balioan jartzeko asmoagaz dator
Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatutako ekimenak ekaineko barikuetan filmak eta solasaldiak eramango ditu Bekoportalara.
Ekaineko barikuetan hitzordu bereziak izango dituzte bermeotarrek zein eskualdeko gainerako udalerrietako bizilagunek. Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatu duen Emakumeen Kale Zinema zikloak emakumeek zuzendutako luzemetraiak eta emakumearen gaiak jorratzen dituzten filmak hurrerratuko ditu Bekoportala erakusleiho sozialera.
Egitasmoa Emakunderen laguntzagaz prestatu dute Erroxapekoek. Ekimenagaz, “emakumeen gaiak kalera atera” nahi dituzte, eta “emakumeek egindako lana azaleratzeaz gain”, lan hori balioan jarri nahi dute.
Barikuro 22:00etan batuko dira gune sozialean. Luzemetraiak proiektatzeaz gain, film horiek plazaratzen dituzten gaiak ardatz dituzten solasaldiak egingo dituztela aurreratu dute Erroxapekoak. Modu horretara, proiektatuko dituzten filmen zuzendariek edo horietan ardatz diren gaien inguruko adituek hitzaldiak eskainiko dituzte.
Errepublikako maistrak. Horrela, bihar iluntzean emango diote hasiera filmen zikloari. Proiektatuko duten lehen filma Pilar Perez Solanok zuzendutako Las maestras de la República dokumentala izango da.
2013an estreinatutako 65 minutuko ikus-entzunezkoak emakumeen eskubideen konkistan eta hezkuntzaren modernizazioan esku hartu zuten maistra errepublikarrak hartzen ditu ardatz bezala. Hala, maistra horiek “utzi diguten ondarea” balioan jarri nahi dute, “gaur egunera arte iritsi den ondarea”.
Ostean, Maite Alvarez de Zarate Bermeoko Sorginorratz talde feministako kideak solasaldia eskainiko du. Alvarez irakaslea eta Hizkuntza Normalkuntzako teknikaria da. Militante feminista gisa hainbat taldetan parte hartu du. Victoria Zarate bere izeko eta maistra errepublikarraren bizitzari buruz ariko da.
Barikuro antolamendu berbera izango du zine zikloak. Ekainaren 28an, laugarren filmagaz amaituko dute, Bread & Roses film britainiarragaz, hain zuzen ere. Emakumeen elkartekoek herritar guztiei luzatu diete gonbita Bekoportalara hurretatu eta ekimenagaz gozatzeko.
Egitaraua:
- Bihar. Las maestras de la República dokumentalaren emanaldia. Ostean, solasaldia Maite Alvarez de Zarate Sorginorratz taldeko kideagaz.
- Ekainak 14. Kartzelan emakumeek jasaten duten genero diskriminazioa agerian jartzen duen Cárceles bolleras dokumentala. Proiekzioaren ondoren, Cecilia Montagut dokumentalaren zuzendariak hartuko du hitza.
- Ekainak 21. Comandante Arian dokumentala. Siriako gerran bizitako emantzipazio eta askatasun istorioa da. Dokumentala bukatzean, Rojavako Jinwar emakume askeen herrian egon den kide feminista batek bertan bizi den egoerari buruz ariko da.
- Ekainak 28. Ken Loach-ek zuzendutako Bread & Roses filma. Amaitzeko, Agurne Gaubeka bermeotarragaz solasaldia. Gaubeka Lan harremanetan aditua da, eta sektore feminizatuen asesoramendu eta ekintza sindikalean 10 urtetako esperientzia dauka.