Blake Dietrick Lointek Gernikara itzuliko da
Mario Lopezek entrenatzaile izaten jarraituko duela ere gaur baieztatu du klub gernikarrak. Halaber, Lointek enpresagaz hiru urterako babesletza akordioa lortu dute.
Gernika KESB eta Lointek enpresaren arduradunek agerraldia egin dute goizean, Bilboko Ibaigane Jauregian, eta hiru urterako babesletza akordioaren berri eman dute.
Alabaina, Blake Dietrick jokalariaren itzulera izan da eguneko albistea. Oraingo honetan denboraldi osorako fitxatu dutela jakitera eman dute klubaren ordezkariak. Halaber, Mario Lopez gernikarrak entrenatzaile izaten jarraituko duela ere baieztatu dute goizeko prentsaurrekoan.
Eskolta amerikarra berriro ere taldeko “erreferenteetako bat “izateko bueltatuko da talde gernikarrera. Azkarra eta erasokorra da, eta taldekide zein zaleengandik maitatua. “Malostera gau magikoak itzultzeko dator. Edonork taldean izan nahi duen jokalaria da”, adierazi dute klubaren arduradunek.
Urtarrilaren 3an jokatu zuen Malosteko bere azken partidua, Galatasarayren kontra. Lointek Gernika Bizkaian egondako hilabeteetan, ligako partiduko batez beste 13,7 puntu, 4,2 errebote eta 4,3 asisntentzia lortu zituen, eta EuroCupean, 15 puntu eta 5 asistentzia egin zituen batez beste partiduko. Ondoren, WNBA lehiatzera joan zen, Seattles Storms taldegaz.
Babesletza. Gernika-Lumoko saskibaloi taldearen eta Lointeken akordioaren ondorioz, hemendik aurrera klubeko talde federatu guztiek Lointek Gernika izenagaz jokatuko dute. Gerardo Candina Gernika KESBen presidentearen berbetan, babesletza hiru urterako lortzeak egonkortasun gehiago eman dio klubari, eta “administraziotik laguntza gehiago” behar dutela gaineratu du. Halaber, Bizkaiko saskibaloi klubekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Gaur gaurkoz, bost klub hauekin sinatu dute lankidetza hizarmena: Tabirako TS, Zornotza ST, Barakaldo EST, Dosa Salesioanos eta Boskozaleak.
Javi Loroño Lointeken zuzendari exekutiboak adierazi duenez, lau urte daramatzate klub gernikarraren proiektua laguntzen, eta kalitatezko proiektua dela eta talde oso ona dutela azpimarratu du.”Esperientzia oso positiboa da. Klubak defenditzen dituen baloreek ondo ordezkatzen dute gure marka. Gure izena Espainian eta Europan zabaldu dute; guretzat ohore bat da”.