273 langile ari dira beharrean Bizkaiko 24 hondartzatan
Uraren kalitatea bainua hartzeko egokia ez bada, dagokion ikurra daraman bandera ipiniko dute. Egunero 88 sorosle eta sei koordinatzaile daude lanean.
Joan den asteko zapatuan hasita, aurten ere irailaren 30era arte luzatuko da Bizkaiko hondartza denboraldia. Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu duenez, denbora tarte horretan 273 pertsona ari dira Bizkaiko 24 hondartzatan lanean; sorospen eta laguntza zerbitzuan 154 sorosle ari dira lanean, hondartzainak 30 dira eta garbiketa lanen arduradunak 89.
Zehaztu dutenez, egunero sei koordinatzaile eta 88 sorosle ari dira lurralde osoan lanean. Busturialdean eta Lea-Artibain honela daude banatuta: Aritzatxun (Bermeo) bi, Laidatxun (Mundaka) bi, San Antonion (Sukarrieta) hiru, Toñan (Busturia) bi, Laidan (Ibarrangelu) sei, Lagan (Ibarrangelu) lau, Ean bi, Ogellan (Ispaster) bi, Isuntzan hiru, Karraspion bost eta Arrigorrin bi. Ume Galduak zerbitzua Hondartzainak 10:00etatik 20:00etara ari dira lanean. «Ume Galduak eskumuturreko zerbitzuak orain arte bezala jarraituko du, zortzi urtetik beherako umeak identifikatuta egoteko».
Azken urteetan egin modura, itsaso zakarra edota korronteak daudenean, sorosleek bi bandera gorri ipiniko dituzte ur ertzean, bainua hartzeko eremua zehazteko. «Kasu horietan, baina, bainua hartzen daudenak ezingo dira hondoa ukitzen den eremutik urrundu». Hondartza denboraldiak berritasun bat ere badauka aurten. Esaterako, uraren kalitatea bainua hartzeko aproposa ez denean ez da bandera gorririk ipiniko. Horren ordez, araudiak kasu horietarako ezartzen duen ikurra daraman bandera ipiniko da. «Orain arte ikur hori karteletan eta hondartzen webgunean erabili izan da bakarrik».
Esan dutenez, sorospen zerbitzuko beharginek erreskaterako erabiliko duten materiala hondartzen ezaugarrien araberakoa izango da. Oro har, baina, ondoko materiala edukiko dute eskura: lau salbamendu ontzi, ordezko zortzi ontzi Bilbo, Getxo, Bermeo eta Ondarroako biltegietan, lau uretako motor eta ordezko beste bost biltegietan, 3 quad eta erreskaterako 9 buggy (bi elektrikoak), hiru ibilgailu, 7 ibilgailu elektriko, hibrido eta gas-turismoz osatutako flota ekologikoa (inguruko koordinatzaileentzat), 14 zaintza dorre, 40 desfibrilagailu erdiautomatiko, 30 glukometro, 40 pultsioximetro, 40 immobilizazio esku ohe eta bihotz biriketako bizkortzerako 30 neurgailu. Sorosleek wave board bat edukiko dutela ere gaineratu dute. «Horri esker, uretako motor bati plataforma bat gehitu ahalko diote. Hala, uretako motorra edukiera handiagoa duen 5 metro luzeko ontzia bihurtuko da». Prestaketa lanak Hondartzak prestatzeko lanak denboraldia hasi baino hilabete batzuk lehenago hasi zirela esan dute. «Hilabete horietan batik bat hondartzak egokitu eta ekipamenduak jartzen dira». Aurten ondokoak ipini dituztela diote: 119 dutxa, ura edateko eta oinak garbitzeko 144 iturri, 725 zakarrontzi eta bidoi, 367 plataforma eta zurezko plataformak. Guztira, aldundiak 5,7 milioi euro bideratuko diru aurten hondartza denboraldira. «2,3 milioi euro segurtasunagaz lotutako zereginetara bideratuko dira, eta 2,4 milioi hondartzak garbitzeko lanetara».
Lagundutako bainua, uztailean eta abuztuan. Hondartza Denontzat ekimena aldundiak Bidaideak erakundeagaz lankidetzan bultzatzen duen programa da, eta uztailean eta abuztuan jarriko dutela indarrean esan dute. Ondoko herri edo hondartzetan egongo da, 11:15etik 18:45era: Ereaga (Algorta), Plentzia, Gorliz, Laidatxu (Mundaka), Lekeitio eta Ondarroa. Programa horregaz, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei irisgarritasun baliabideak, laguntza teknikoa eta laguntza pertsonala ematen dizkiete hondartzan dauden bitartean. Beraz, harrera egin eta aldagelak uzteaz gain, aulki anfibioan bainua hartzeko aukera egongo da Bizkaiko sei hondartzatan. «Aulkirik gabe bainatzeko laguntza eta laguntza teknikoen maileguak ere eskainiko dira», zehaztu dute aldundiko ordezkariek.