Merkatu Txikia egingo dute beste batez Bermeon
Zapatuan egingo dute Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatutako azoka.
Urtean birritan egiten duten Merkatu Txikia bueltan da Bermeon. Zapatuan Goiko Plaza salmahaiekin beteko da berriz ere.
Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatzen du ekimena. Merkatu txikiko salmahai eta postuetan erropak, liburuak, koadroak, diskoak, jostailuak eta bestelakoak aldatzeko, trukatzeko, erosteko edota saltzeko aukera izango dute hurreratzen direnek.
Azokan parte hartzeko interesa dutenek, produktuak salmentan edo elkartrukean jarriz, Gizarte eta Kultura etxean edota 946 17 91 55 telefonora deituta izena eman beharko dute.
Hala, zapatuko merkatuak 10:00etatik 18:00etara bitartean irekiko ditu bere ateak. Elkarteko kideek bermeotarrak merkatu txikira gonbidatu dituzte. Bermeoko Alde Zaharrean era askotako produktuak eskuratzeko edota trukatzeko aukera egongo dela adierazi dute, betiere “giro onean” egingo den merkatuan.