Ekoetxea Urdaibain batu da gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua
Kontseiluak, besteak beste, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban babestutako ekosistemak zaintzea eta hobetzea helburu duen dekretua onartu du. Hazkunde bizkorreko zuhaitz sailen lekuan hazkunde moteleko bertako espezieak aldatzea sustatzeko eman daitezkeen laguntzak arautzeko balioko du.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da bihar. Urtero legez, egun berezi horren harira, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean batzen da. Hain zuzen ere, Busturiko Ekoetxea Urdaibain batzartu dira gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Jaurlaritzako sailburuak.
Aitor Aretxaga Busturiko alkateak egin dio harrera Lehendakariari. Elkarrekin, zapatuan gauzatuko duten Zero Plastiko Urdaibai garbiketa kanpainako edukiontziak bisitatu dituzte. Bertan, ekimenaren nondik norakoak ezagutu eta egingo dituzten sentsibilizazio jarduerak zeintzuk izango diren azaldu dizkiete kontseiluko kideei.
Horrez gain, Urdaibaiko itsasbazterra hondakinez garbitu ostean plastikoari emango zaion berrerabilpenaren prozesua ezagutu dute. Izan ere, plastiko horiek birziklatzeko makinak ezarri dituzte edukiontzietan. Bisita bukatzeko, Leslye Yendell artista britainiarra hondakin plastikoekin egiten ari den eskultura ere ikusi ahal izan dute. Lehendakariak artistagaz hitz egin du. Eskulturak kaiku forma izango du eta Ekoetxeko erakusketan izango da ikusgai.
Ingurumena zaindu. Bisita amaituta, Gobernu Kontseiluak bilera egin du Ekoetxean bertan. Jarraian, bertan hartutako erabakien berri emateko agerraldia egin dute Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Arriolak Klima Aldaketari buruzko Legearen aurreproiektuaren zirriborroa aipatu du. Ingurumen Sailak landuko txostena kontseiluari aurkeztu, eta orain “garrantzi handiko” lege hori “herritarrek parte hartzeko prozesuan murgilduko” dela adierazi du, “bide administratiboari ekinez”.
Aurreproiektuagaz administrazio publiko guztien, sektore pribatuaren eta herritarren “jarduera esparrua zehaztu” nahi dute, “2050erako Klima Aldaketaren Estrategian ezarritako helburuak bete ahal izateko”.
Bestalde, kontseiluak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban babestutako ekosistemak zaintzea eta hobetzea helburu duen dekretua onartu duela azpimarratu du Arriolak. “Arau berritzailea da, eta hazkunde bizkorreko zuhaitz sailen lekuan hazkunde moteleko bertako espezieak aldatzea sustatzeko eman daitezkeen laguntzak ezartzen eta arautzen ditu”.
Erkorekak Hezkuntza Sailak proposatu eta kontseiluak onartu dituen hezkuntza arloko programak aipatu ditu. Horien artean, 2019-2020 ikasturtean Euskadiko ikastetxe publikoetan arituko diren elkarrizketa laguntzaileen programa nabarmendu du bozeramaileak.
Kontseiluak onartu duenez, 873.600 euro bideratuko dituzte programa horretarako. Aurrekontu horrekin ikastetxe publikoetan, batez ere Bigarren Hezkuntzakoetan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan,atzerriko hizkuntzen irakaskuntza sustatzea da jaurlaritzaren helburua.
Era horretara, Hezkuntza Sailak 156 elkarrizketa laguntzaile kontratatuko ditu; 140 ingelesekoak izango dira, hamar frantsesekoak eta sei alemanekoak. Laguntzaileak gradudunak edota azken ikasturteko unibertsitate ikasleak dira, eta zentroetako irakasleekin koordinatuta ikasleen ahozko trebetasunak indartzeko eginkizuna edukiko dute.
Emakumeen kirola sustatuz. Kirola izan da gaur nabarmendutako beste esparruetako bat. Nazioarteko goi mailako lehiaketetan euskal emakume kirolarien parte hartzea sustatzea helburu hartuta, 440.000 euroko kontu saila onartu dute bileran. Erkorekak gogoratu duenez, iaz deialdi berberan 26 kirol elkarte izan ziren diru laguntzak jaso zituztenak, horien artean Gernika Saskibaloia.
Amaitzeko, Artolazabalek langabezia datuen berri eman du. Azken urtean langabeziak % 7,27ko jaitsiera izan duela nabarmendu du, hau da, 8,928 pertsona gutxiago daude langabezian. Zenbaki horiek oso positibotzat eman ditu sailburuak.