Hazten jarraitzeko helburuagaz ekin dio denboraldiari Urdaibai Bela Eskolak
Aurtengoa eskolaren hirugarren denboraldia da, eta ekintza zein ikasle aldetik jauzia emateko erronka hartu dute.
Sorrerako filosofiari eutsiz, baina, erronka berriekin hasi du aurtengo denboraldia Urdaibai Bela Eskolak. Iaz modura, aurten ere Bermeoko portuan dute aldibaterako eskola mugikorra. Halere, oraingo honetan eskaintza zabalagoa izango dute. Komunikazioa ere indartu gura dute, eta iaz hasitako bideari jarraituz, webgunean zein sare sozialetan eguneraketak eta etengabeko jarioa bermatzea da eskolako arduradunen asmoa.
Miguel Angel Navarro Urdaibai Bela Eskolaren ordezkariaren berbetan, denboraldi berri honetarako ilusioz daude, eta jauzia emateko gogotsu: “Oso pozik gaude berritasunak ditugulako. Eta eskola indartzen eta hazten jarraitzeko lan egingo dugu”. Iaz zortzi astez eman zituzten nagusientzako zein umeentzako bela ikastaroak (goizez eta arratsaldez). Nabigazio lizentzia ateratzeko ikastaroa lehenengoz eskaini zuten iaz eta aurten ere ikastoroa emango dute.
Aurten, ordea, berrikuntza gehiago dituzte. Bela ikastaroak eta irteerak, windsurf ikastaroak, ur gaineko bizikleta, paddle surf, hobie pedal boards, schiller water bikes, kayak, katamaranean irteerak, bela irakasle izateko ikastaroa… “Kolaboratzaile gehiago lortu ditugu aurten, eta akordio horiei esker, gure eskaintza zabalagoa egitea lortu dugu”, azaldu du Navarrok. Ekintza batzuk Urdaibaiko itsasadarrean egiten dituzte, eta irteerei dagokienez, Gaztelugatxera, Izarora edota Elantxobera joateko aukera eskaintzen dute.
Lortutako akordioei esker, kuantitatiboki zein kualitatiboki pauso garrantzitsua emango dute aurten. Esaterako, iaz 90 ikasle izan zituzten bela ikastaroetan eta aurten, 1.700 bat ikasle izango dituztela aurreikusi dute. Era berean, aipatutako uretako gainontzeko ekintzetan 2.000 ikasle inguru edukitzea espero dute. Ekintza gehienak irailaren 6a bitartean egingo dituzte, baina, baten batzuk azaroaren 3a arte luzatuko dituztela jakitera eman dute Urdaibai Bela Eskolaren arduradunek.
Ofizialki aurtengo denboraldia atzo hasi bazuten ere, maiatzaren 12an ate irekien jardunaldia egin zuten Bermeoko portuan, eta erantzun ona eduki zuela nabarmendu dute. Bertan, eskolari buruzko informazioa eman zuten eta bertaratutakoek euren ekintzetako batzuk probatzeko aukera izan zuten.
Helburuak. Euren ekintzekin lagunartekotasuna, elkar laguntzea, norbere mugak gainditzea eta komunikazioa bezalako balioak lantzen dituztela azpimarratu du Navarrok. Bela eta oro har itsas kirol horiekin “nabegazioaren esperientzia eta itsasoagaz zein naturagaz harreman zuzena” edukitzeko aukera eskaintzen dutela dio. Halaber, kirol jarduera horien bitartez Urdaibai ezagutara ematea ere bada euren helburu nagusietako bat.