Goiko Plaza koloretsu apaindu du Lora Azokak
Beste urte batez kolore biziz bete du Goiko Plaza Lore Azokak. 10:00etatik 15:00etara eskaintza zabala egon da eta bermeotarrek ez dute aukera alferrik galdu. Gainera, moda jasangarria egiten duen Uhaina surf & art dendaren eskuz egindako arropak eta Kuku Enearen jostailu bereziak salgai egon dira.
1.000 loregaz apainduta, itxura dotorea izan du gaur udaletxe aurrean dagoen plazak. Bermeoko Alde Zaharreko Goiko Plazari bizia, kolorea eta edertasuna emateko helburuagaz laugarren urtez egin dute azoka, eta helburua aise bete dute.
Loreak bakarrik ez, Bermeoko ikastetxeetako umeek ere hartu dute protagonismoa tarte batez. Izan ere, marrazki lehiaketaren sariak banatu dituzte 13:30ak aldera. Parte hartzaile denek jaso ohi dituzte lorak sari modura eta aurten 50 ume saritu dituzte; San Frantzisko Herri Ikastetxeko 20 ikasle, Sagrado Corazon Ikastetxeko 17 eta Eleizalde Ikastolako 13 saritu dituzte. Ikastetxe bakoitzean bi mailetan bereizten dituzte umeak, eta esaterako, ikastetxe guztietako maila bietako irabazleak Barrueta Arte elkartean ikastaroa banagaz saritu dituzte. Halaber, aurrekoetan modura, ikasle guztiek egindako marrazkien erakusketa ipini dute elizpean.
Gainera, aipatu elkartearen ekimenez, Alde Zaharreko dendetako erakusleihoetan artelanak egon dira egunotan, eta horiei buruzko fitxak betetzen aritu dira herritarrak. Horientzat ere sariak egon dira.