Urruzuno literatur sariak jaso dituzte Gernika BHI-ko bi ikaslek
Kattalin Urrengoetxeak eta Ekaitz Martinek prosa kategoriako sariak jaso dituzte.
Euskaraz idazteko zaletasuna Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako gazteen artean bultzatzea du helburutzat Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketak. Aurtengo saridunak ezagutara eman dituzte, eta beste urte batez, sarituen artean daude Busturialdeko ikasleak.
Gernika BHIko bi ikasle gehitu dira Urruzunotarren zerrendara. Poesian nahiz prosan bi maila bereizi dituzte. Gernikako kasuan, baina, bi saridunen lanak prosa kategorian aurkeztu dituzte.
Prosa A mailan Kattalin Urrengoetxea saritu dute, Zuretzako hitz ederrak lanagatik. Prosa B mailan, bestalde, Ekaitz Martinek Itsasarteko amesgaiztoa-rengatik saritu dute.
175 partaide. 2019ko Urruzunotarrak gehituz lehiaketan 175 lan aurkeztu dira guztira. Horien artean, 21 literatura lan saritu dituzte. Saridunek irailaren 2tik 6ra literatura egonaldia egingo dute Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean. Egonaldia bukatu ondoren, irailaren 6an, sari banaketa ekitaldia izango dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Nagusian.