Suhiltzaileen kamoi batekin indartuko du zerbitzua Bermeoko Herri Babesak
Benito Ibarrolaza Bermeok jarduneko alkateordeak Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatu duten hitzarmenaren "garrantzia" azpimarratu du: "Herri Babesak suteei aurre egiteko bitarteko gehiago izango ditu eta hori oso ezinbestekoa da bere lanerako".
Bermeoko Udalak udalerriko Herri Babesa indartzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz hitzarmena sinatu zuen apirilaren 10ean.
Izan ere, udala eta Bizkaiko suhiltzaileak lanean ari dira suteak saihesteko eta “larrialdi egoeretan ahalik eta erantzun onena emateko”. Horren barne hainbat lan egin dituzte, besteak beste, suteak saihesteko kanpaina bat abiarazi zuten.
Hitzarmen horri esker, Herri Babesak suhiltzaileen kamioi bat jaso zuen maiatzaren 20an, beharrezko material guztiagaz batera.
Kamioiaz gain, suhiltzaileek erabiltzen dituzten suaren aurkako jantzi bereziak ere jaso dituzte bermeotarrek, baita suhiltzaileekin zuzenean harremanetan egon ahal izateko emisorea ere. Emisore horrek sute edota beste larrialdi kasuetan koordinazio hobea izatea ahalbidetuko die.
Amaitzeko, Herri Babeseko boluntarioek formakuntza ikastaro berezia jasoko dute, eta suhiltzaileek duten aseguru berbera edukiko dutela ziurtatu du udalak.
100 sute azken hamarkadan. Benito Ibarrolaza Bermeok jarduneko alkateordeak sinatu duten hitzarmenaren “garrantzia” azpimarratu du: “Herri Babesak suteei aurre egiteko bitarteko gehiago izango ditu eta hori oso ezinbestekoa da bere lanerako”.
2010. urtetik Alde Zaharrean 44 sute izan direla gogoratu du Ibarrolazak, eta 100 baino sute gehiago herriko beste gune batzuetan. Hori dela eta, Herri Babesa indartzea “ezinbestekoa” dela uste du. Hala ere, Bermeon suhiltzaileen talde finko bat izatearen beharrizana ere azpimarratu du.
Herri Babesari dagokionez, egiten duen “lan izugarria” aldarrikatzeko aprobetxatu du Ibarrolazak. “Boluntarioak dira eta gure herrian edozein ezbehar gertatzen denean beti daude prest laguntzeko eta lan egiteko, euren lana eskertzekoa da”.